(Min)bizi lana aurkeztuko duzu bihar Emakumeen Txokoan. Nolatan piztu zitzaizun zure esperientzia liburu batean jasotzeko grina?
Gaixo gauden askok grina izaten dugu gure burutazioak paper batean idazteko; gu psikologikoki osatzeko. Badakit minbizia daukaten emakume askok ariketa hori egin dutela. Ni une txar bat pasatzen ari nintzen, konplikatu zitzaizkidan minbiziaren ondorioak, fibromialgia nuen, ohean egon behar nuen denbora dezente, min handia nuen gorputzean, beherako kronikoa nuen… Betidanik idatzi izan dut niretzako, baina oraingoan idatzitakoa zabaldu nahi nuen, jendeari lagungarri bazitzaion. Ideia horrekin hasi nintzen. Liburu laburra da, nire esperientzian oinarrituta idatzi dut, baina batez ere, islatu izan nahi izan ditut beste emakume batzuen kezkak eta esperientziak.
Gaixotasuna kolektiboan lantzen eta ulertzen duzue Izan Iñurri taldekook, eta hain zuzen, liburua ariketa kolektiboa ere bada, ezta?
Hain zuzen ere. Nire istorioa hamar kapitulutan jasotzen dut, baina beste hamabi emakumeren esperientziak jasota daude. Emakumeez osatutako liburua da, azaletik hasita: azala eta maketazioa Sira Goirienak egin ditu, barruko ilustrazioak Sara Etxeberriak, eta hitzaurrea Ane Labaka Maiozena da. Ez da nire liburua, denona da.
Minbizia ikuspegi feministatik eta eraldatzailetik tratatzen duzue Izan Iñurritik. Horrelako talde bateko kide izateak lagundu dizu zure gaixotasun prozesuan?
Denean lagundu dit. Kapitulu oso bat eskaintzen diot liburuan Izan Iñurriri, baina liburu osoan zehar dago iñurrion perspektiba. Talde horrek izugarri lagundu dit, tribu izaera eta kolektibitatea eman dizkit. Taldean hainbat alor lantzen ditugu, adibidez, indarkeria estetikoa eta instituzionala, prekarietatea… Zeren, tratamendua ez da amaitzen Osakidetzan, osagarriak diren beste hainbat gauza behar izaten ditugu, besteak beste, psikologoak, nutrizionistak, osasun sexualean eta fisikoan adituak… Horiek guztiak guk ordaindu behar ditugu, eta tratamendu osagarri horiek nahiz bestelako produktuak oso garestiak dira. Horregatik, tratamenduak sor ditzakeen kezkei batzen zaizkie beste batzuk, adibidez, minbiziarengatik bi urte langabezian egon ondoren lanetik bota banaute, nola ordainduko dut alokairua? Klase sozialak eragina du gaixotasunean ere.

Zer jasoko dute irakurleek (Min)bizi liburutik?
Batez ere esperientzia errealak, benetakoak eta naturalizatuak, taburik gabe kontatuak. Liburu hau lagungarria izan da, hasteko, niretzat. Eta espero dut besteentzat ere lagungarria izango dela, batez ere emakumeentzat. Naturaltzat hartzen ditugu gorputz guztiak, orbain guztiak.
Badira hilabete batzuk liburua kaleratu zenuela. Erantzun ona izan al du?
Kaleratu nuen liburua eta bi egunera berriro minbizia antzeman zidaten. Bosgarren ebakuntza egin behar izan nuen, bigarren bularra kendu zidaten. Horregatik, etenaldi bat egin behar izan dut tratamendua jasotzeko eta errekuperatzeko. Orain, osatzen ari naizela, liburuaren aurkezpenei ekin diogu berriz. Eta oso erantzun ona izan du, oso pozik nago, irakurri duen mundu guztiak esan dit erraz irakurri duela eta gauza asko ikasi dituela. Liburu sinplea da, edozeinek ulertzeko moduan dago idatzita.