Urola eta Ibaieder ibaietatik hondakinak jasotzen hasi da udala

Andoni Elduaien 2025ko urr. 21a, 15:14

Langile bat ibaitik somier bat ateratzen. (Azpeitiko Udala)

Udalak urtero egin ohi ditu ibaiak garbitzeko lanak, eta aurtengoek 15.457 euroko aurrekontua dute. Txukun Lorazantza enpresako langileek azken hilabeteetan pilatu den hondakinak jasoko dituzte bi eremu horietatik.

Urola eta Ibaieder ibaietan azken hilabeteetan pilatutako zaborra biltzeko lanei ekin die Azpeitiko Udalak. Erakundeak jakinarazi duenez, atzo, astelehena, hasi ziren lan horiekin Txukun Lorazantza enpresakoak, eta haiek egindako aurreikuspenen arabera, pare bat astez ariko dira lanean.

Urola ibaiari dagokionez, Aldakaitz eta Basabe baserrien arteko tartean aurkitutako zaborra kenduko dute; guztira, 3,5 kilometro tartean arituko dira uretatik eta ibaietako belardietatik hondakinak ateratzen. Ibaieder ibaiari dagokionez, berriz, Antxieta Txiki baserriaren eta Azoka Plazaren arteko tartea garbituko dute, 4,2 kilometro inguru, guztira. 

Ibaiertzak txukun mantentzea, ibaietako ekosistema babestea eta uholde arriskua gutxitzea dira udalak ibaietako garbiketa lanekin lortu nahi duena. Hori hala, beharginek eskuz aterako dute zaborra ibaitik, biodibertsitateari "ahalik eta kalterik gutxien" egiteko. 

Aurreko urteetan egin bezala, hondakinak Laienera emango dituzte, horiek gaika sailkatzeko eta behar bezala tratatzeko. Udalak ia urtero egiten du ibaietako garbiketa, eta aurtengo lanek 15.457 euroko aurrekontua du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide