Trikitilariek eta trikitizaleek urtez urte indartzen ari den hitzordua izango dute bihar, ostiralez: Trikigiro eguna. Hain zuzen ere, trikitiaren bueltan 200 lagun baino gehiago elkartuko dira bihar arratsaldean, eta gustukoen duten horixe egingo dute: soinuak jo eta panderoak astindu.
19:00etarako jarri dute lehen hitzordua. Gazteen kalejira gauzatuko dute ordu horretan plazatik abiatuta, eta triki poteoaz ere gozatu ahal izango dute. Gero, 20:00etan, adin guztietako musikariak elkartuko dituen kalejira egingo dute Alde Zaharrean barrena. Segidan, afaritarako tartea izango dute Sanagustin kulturgunean, eta antolatzaileek azaldu dutenez, 150 bat lagun elkartuko dira mahaiaren bueltan.
Afalostean segituko dute festarekin. Izan ere, erromeria egingo dute Sanagustinen bertan. Trikitilari hainbat igoko dira agertokira, askotariko piezak eskaintzera. Festak aurreko urteetako traza hartzen badu, ordu txikietara arte luzatuko dute hitzordua.