Bizitzaren ederra eta justizia irrika aldarrikatu nahi izan ditu Mikel Alberdik (Azpeitia, 1960) Isildu aurretik izeneko poesia liburuan. Haren arabera, liburua irakurtzen duena konturatuko da olerki gehienak bizitzaren, denboraren joanaren eta heriotzaren ingurukoak direla. Biografikoa ere bada lana. "Bi gauza aldarrikatu nahi izan ditut liburuan; batetik, bizitzaren apasionatua naiz, eta bestetik, justiziaren irrika dut. Niri bizitza ikaragarri gustatzen zait, baina gizartea ez hainbeste. Gauza asko ditugu denon artean aldatu beharrekoak, eta gaztetatik dugun justizia irrika hori ez galtzea da aldarria".
Liburuko atal batzuk "nahiko ilunak" dira, haren aburuz. "Bizitza gauza askotan da nahiko iluna", dio. Horri lotuta, zahartzaroa aipatu du: "Zahartzaroa txerrikeria bat da, onenean jarrita ere. Jendeak dio aro horretan jakinduria pilatuta izaten dela, bilobekin egotea ona dela... Nahi dugun erara kontsolatuko dugu geure burua, baina zahartzaroa txerrikeria bat da: medikuarenera bueltaka, denbora murriztu egiten da, badakigu bukaera datorrela, amaiera horri aurre egiteko direnak eta ez direnak eginez... Kasu askotan ez gara errentagarriak, eta aparkatu egiten gaituzte. Eta zahartzaroaren bukaera heriotza da". Dena den, liburuko olerkietan "fantasia pixka bat" txertatzen saiatu da, "politago egiteko".
Alberdi lanetik erretiroa hartuta dago, eta irakasletzat du bere burua. Horrez gain, bizitzaren zalea bezala, bidaiazalea eta sortu zalea ere bada. "Ni idazlea ez naiz, ezta musikaria ere. Ni irakaslea naiz. Hala ere, pertsona guztiok daukagu gure izateko eran harremantzeko, pentsatzeko eta abarretarako gaitasuna, baita sortzeko gaitasuna ere". Horri lotuta, Alberdi beti erakarri izan dute "era guztietako jakinduriek eta espresioek".
Ezezaguna erakargarri
Urte batzuk dira azpeitiarra liburuekin eta musikarekin "saltsan" hasi zela. Literaturan poesia du oso gustuko: "Ezagutzen ez ditugun misterioetara gerturatzeko narratibarik potenteena da poesia". Beti liluratu du "ezezaguna" denak. "Gauza oso zehatzak ditugun mundu batean bizi gara, baina une batean, gelditu eta hausnartzen hasten garenean, mundu hau ez dugu ulertzen. Ez dakigun horren dimentsioa hain da ikaragarria, asko erakartzen nau. Horri begira idazten dut".
Koadernoa eta boligrafoa aldean dituela, edozein unetan eta tokitan idazten du Alberdik; hitzen zirriborroak jasotzen ditu koadernoetako orrialdeetan. "Oso poliki" idazten du. Isildu aurretik bigarren liburua du azpeitiarrak, eta aurrenekoa –Hizkien eskalea, 2011– kaleratu zuenetik hamalau urtera argitaratu du. Azken zortzi urteetan hezurmamitutako lana dela zehaztu du egileak.
Liburua osatzeko lan mardula egiten du aurretik Alberdik. "Zirriborroak idatzita ditudan koadernoetan entresaka egiten hasten naiz, segi eta segi zerbait mamitsua eta sakonekoa egin arte", dio. Gaur egun gizartean "oro har" eta politikan "ikaragarri" dira azaleko kontuak haren arabera; berak, ordea, "sakonera jotzeko ahalegina" egin nahi izaten du idatzietan.
Isildu aurretik liburuaren izenak ere badu zerikusia autorearen idazteko moduarekin eta denborarekin; hala esan du: "Ahalegin handia eskatu dit liburua egiteak, eta zaila egiten zait pentsatzea beste liburu bat idazteko urteak edukiko ditudan, beste mila gauza ere egiten ditudalako: bidaiatu, irakurri...". Gainera, orain behintzat, beste liburu bat idazten hasteko "inolako kemenik" ez duela dio azpeitiarrak.
Preziorik gabea
Sortutakoa elkarbanatzeko garaia du orain Alberdik. Hain zuzen ere, gaur aurkeztuko du bere poesiarekin eta Lurdes Larrañagaren ilustrazioekin osatutako Isildu aurretik liburua. 18:30ean, Dinamoa sormen gunean izango da irakurketa musikatua. Alberdiz gainera, Jose Luis Otamendi idazleak eta Aitor Huergo musikariak parte hartuko dute. 40 bat minutuko ekitaldia izango da, eta Palestinako "sarraskiak" bere presentzia izango du, Huergoren musikaren bidez. "Gerra ere aipatzen da behin baino gehiagotan liburuan", esan du idazleak.
Gaurko aurkezpenean ondoan izango dituen bi kideak goraipatu ditu autoreak, baina Otamendiren laguntzarekin oso eskertuta dago. "Liburuaren edizioa antolatzeko eduki dudan laguna Jose Luis Otamendi izan da, Euskal Herrian dagoen poesia maitalerik finenetakoa, eta hori luxua da".
Liburua ez du salgai jarriko Alberdik, baina aurkezpenera joaten direnen artean doan banatuko du eta eskatzen diotenei –mikelalber@gmail.com helbidera idatzita– postaz bidaliko die. "Sortzen dudana tartean dirurik egon gabe elkarbanatzeko da, niretzat horrek preziorik ez dauka. Hori egiteko aukera daukat eta egin egiten dut". Gaurko plana garbi dauka Alberdik: hala nahi dutenekin irakurketa musikatuan "ondo pasatzea" eta sortutako lana elkarbanatzea.