Futbol aulkietara itzultzear da Mikel Labaka (Azpeitia, 1980), Euskal Selekzioaren eskutik. Euskadiko Futbol Federakundeak atzo jakinarazi zuenez, Jagoba Arrasate hautatzailearen ondoan ariko da azpeitiarra aurrerantzean, bigarren entrenatzaile karguarekin, Realean Imanol Algualcilen ondoan aritu izan zen gisan.
Hain zuzen ere, iazko uda hasieran utzi zuen Labakak talde txuri urdina, Alguacilekin batera, 2018tik betetako lana albo batera utziz. Harrezkero, ez du beste lanik izan futbolarekin lotuta, baina lotura hori berreskuratuko du orain. Euskal Selekzioak Palestinaren aurka jokatuko duen lagunartekoa izango da Labakaren itzulerakoa; azaroaren 15ean izango da neurketa hori, Bilboko San Mamese zelaian, 20:30ean.
Sarrerak, autobusa eta kamisetak
Azaroaren 15ean San Mamesen jokatuko den partidara joateko sarrerak bihar, urriak 23, jarriko ditu salgai federazioak Interneten, merkeenak 20,50 eurotan eta garestienak 31,50 eurotan. Federazioaren webgunean jarri dituzte sarrerak erosteko argibideak.
Azpeititik Euskal Selekzioa-Palestina neurketa ikustera joateko autobusa ere jarriko du Bultzada Txuri Urdinak. Hain zuzen ere, Realeko zale talde horrek partidarako sarrera, autobuserako txartela eta kamiseta batera jarriko ditu salgai, 60 euroren truke, Gipuzkoako hainbat herritan. Azpeitian, Haginpe tabernan eros ahal izango da Euskal Selekzioa-Palestina partidarako pack-a.