Espainiako Kopako final zortzirenetan da Biele ISB

Andoni Elduaien 2025ko urr. 23a, 09:35

Taldekideak zaleei atzo emandako babesa eskertzen. (Mikel Amenabar 'Otola')

Jordan Jermain eskolta buru, 89-78 hartu zuen mendean Iñigo Nuñezen taldeak CB Toledo Basket taldea. Azaroaren 18an edo 19an jokatuko diren final zortzirenetan Lehen FEB mailako Palencia liderra izango du aurkari ISBk, Xabi Oroz saskibaloi jokalari azkoitiarraren taldea, hain zuzen. 

Biele ISB taldea Espainiako Kopako final zortzirenetara sailkatu da. Atzo, asteazkena, CB Toledo Basket taldea hartu zuten otsoek Azpeitiko kiroldegian, eta etxekoek 89-78 irabazi zuten. CB Toledo Basket mendean hartzea, ordea, ez zen lan erraza izan ISBrentzat; are gehiago, taldeak Ierai Aizpitarte eta Mohamed Niang jokalarien hutsunea izango zuela jakinda. Bereziki, azken laurdenean egindako lanari eskertu lortu zuten etxekoek kontrarioa apaltzea.

Lehiaren lehen hamar minutuetan, bi aurkariak elkarri neurria hartu nahian aritu ziren; etxeko jokalariek beren artean puntuak banatzen zituzten bitartean, kanpokoek Vuk Stevanicen asmatzean jarri zuten itxaropena. Eta ez da gutxiagorako, pibot serbiarrak hamar puntu pilatu zituen-eta aurreneko laurdenean, uztaipean ahaleginduz. Toledokoak (Espainia) lau puntu goitik ere izan ziren une baten, baina laurdena ISBrentzat izan zen (22-19).

Bigarrenean Nuñezenek estutu egin zuten defentsako lanean. Pixkanaka-pixkanaka Toledori puntuak pilatzeko ateak ixtea lortu zuen etxeko taldeak, eta lehia haustetik gertu izan zen une batez; hamar puntuko errenta ere izan zuen tarte batez Azkoiti-Azpeitiko taldeak. Talde lan ona egin zuen, oro har, ISBk. Ordea, Victor Morenoren puntuek partidan bizirik jarraitzea ahalbidetu zieten kanpokoei, eta atsedena 40-32 emaitzarekin hartu zuten. 

Hirugarren laurdenean bestelako itxura bat hartu zuen norgehiagokak. ISBk laurdenaren hasieran ihes egingo zuela zirudienean, Toledokoak lehia irabazteko errezelo guztiekin hurbildu ziren markagailuan; pentsa, 11 puntuko aldea iraultzea lortu zuten haiek zati horren erdirako. Lehen laurdeneko asmoak berretsiz, uztaipetik saiatu ziren hirugarrenean ere kanpokoak, eta azkenean, lehia beren alde jartzea lortu zuten. 54-56 emaitzarekin, kopako final zortzirenetara sailkatzea hamar minutuko kontua bihurtu zen. 

Amaierak zirraragarria izateko traza guztia hartu zuen. Hasieran, baina, ez batak, ez besteak, ez zuen gehiegi arriskatu nahi izan. Puntuen gorabeheran ibili ziren bi taldeak; une batzuetan, otsoak ziren markagailuan aurretik, eta besteetan, Toledokoak. Nolanahi ere, dema hautsi beharra zuen bietako batek, eta laurdenaren erdialdean lortutako 8-0eko partzialari esker, ISBk kanporaketa bere alde jarri zuen. 35 puntu saskiratu zituen Nuñezen taldeak azken hamar minutuetan, eta Toledoko taldeak ez zuen horrenbeste puntu saskiratzeko adina maila erakutsi. 

Jermain, aurkari batekin uztaipera sartzeko lehian. (Mikel Amenabar 'Otola')

Jordan Jermain eskolta buru aritu zen atzo ere ISB. Estatubatuarra, beste egun batez, taldeko saskiratzaile nagusia izan zen; atzo, 21 puntu saskiratu zituen hark, eta hemeretzi puntuko batez bestekoa lortu zuen. Kanporaketa gainditzeko urratsa eginda, final zortzirenetara sailkatu da ISB. Nolanahi ere, ez du arerio erraza izango dema horretan, Endesa Ligara igotzeko hautagai nagusienetako bat jasoko baitute otsoek: Super Agropal Palencia. Azaroaren 18an edo 19an jokatuko dute kanporaketa hori, eta aurrean izango dute, besteak beste, Xabi Oroz saskibaloi jokalari azkoitiarra.

Hilabete barru izango den kopako hitzordurako indarrak hartzea egokitzen zaio orain Azkoiti-Azpeitiko taldeari, eta horretarako, liga txapelketan laugarren garaipena lortzea dute desio. Reina Proteinas Clavijo taldearen Logroñoko Errioxako Kirol Jauregian jokatuko dute otsoek igande eguerdian (12:00). Garaipenik lortu gabe dagoen taldea da oraingoz Clavijo.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide