Hitzen aldaeretan esploratzeko, Esateko Idatzi egitasmoa abian jarri du Kulturazek

Ane Olaizola 2025ko urr. 23a, 12:06

Liburuak. (Pixabay)

Bi hilabetero, tailer intentsibo bat eskainiko du aditu batek, eta lehenengo saioan, azaroaren 29an, ipuingintza jorratuko dute Beñat Sarasolak gidatuta. Grafiaz Betearen laugarren ikasturtea, berriz, urriaren 30ean hasiko da, grafiti tailerrarekin. Baterako zein besterako izena eman daiteke. 

Kulturaz kooperatibak egitasmo berri bat hasiko du abian den ikasturtean: Esateko Idatzi zikloa. Hitzaren erabilera praktikara bideratu eta eleak eskaintzen dituen aukerak esploratuko dituzte egitasmo horretan; beste modu batera esanda, "hitza lurrera eramatea" izango du helburu zikloak: "Esateko idatziko dugu. Zer esateko? Nahi duguna, nahi adina. Luzea da oso aldaera posibleen zerrenda. Istorioak kontatzeko, poemak sortzeko, komikiak egiteko, antzezteko,ikus-entzunezkoak sortzeko, irudiak laguntzeko, beste hizkuntzetakoa gurera ekartzeko, norbere gogoetak aurkezteko, aldarrikapen kolektiboetarako", azaldu dute antolatzaileek. 

Dinamoko hitzaren eremuan eskainiko duten tailer intentsibo sorta batekin gauzatuko dute egitasmoa. Izan ere, bi hilero lau orduko tailer bat eskainiko dute; larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara artean. Izan ere, antolatzaileek uste dute ordutegi hori bateragarria izan daitekeela parte hartzaileen denbora librearekin, idazketak "denbora tarte luzeagoa" eska ohi duela kontuan hartuta. Arratsaldean, berriz, espazio hori beraien esku utziko diete parte hartzaileei, haiek "esperimentatzen" segitu nahi badute. 

Kooperatibak bost saio programatu ditu guztira, eta aurreratu du saio bakoitzean teknika, diziplina eta praktika zehatz bat jorratuko dutela, nahiz eta "diziplinartekotasuna" ere bultzatuko duten. Arlo horretan aditua den batek saio bana gidatuko du.

Lehenengo saioa azaroaren 29an egingo dute, eta ipuingintza landuko dute Beñat Sarasola idazlearekin. Horrez gain, Kulturazek adierazi du han parte hartzen dutenek aukera izango dutela, behin tailerra igarota, hurrengo bi hilabeteetan Sarasolarekin berarekin tutoretza bidezko aholkularitza jasotzeko, Dinamoan bertan. Dagoeneko eman daiteke saio horretara joateko izena, lotura honetan

Grafiaz Betea, laugarrenez

Bestalde, irudia ardatz duen Grafiaz Betea egitasmoak laugarren urteari ekingo dio aurten, eta beste behin, Dinamoko sormen guneko irudiaren ereduan askotariko grafiak ezagutzeko aukera eskainiko dute datozen hilabeteetan; zehazki, kaleko grafiei egingo diete lekua laugarren ikasturtean: "Zebra bideetan, eraikinetako hormetan eta lurpeko pasabide ilunenetan aurkitzen dira artista handi askoren obra ikusgarrienak, eta ikastaro honetan kaleko sortzaile anonimo horiek ezagutuko ditugu". 

Grafiaz Betea zikloak ikasturte osoan iraungo du, eta bi hilabetean behin eskainiko dituzte saio horiek ere. Hileko azken ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara izango dira tailerrak, eta saio bakoitzean grafia bat landuko dute. Lehenengoaren berri eman du Kulturazek: hurrengo ostegunean, urriaren 30ean, Kaleko Izarra artistak grafiti tailerra eskainiko du, eta han parte hartu nahi duenak hemen eman dezake izena. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide