2026ko aurrekontuak prestatzeko lanari ekin dio dagoeneko Azpeitiko Udalak, eta, prozesu horren barruan, urtero bezala, herritarren ekarpenak jasotzeko bideak ere zabalduko ditu.
Batetik, datorren hilaren 5etik 13ra bitartean, 11 bilera egingo dituzte udal gobernuko ordezkariek auzoz auzo –19:00etan hasita, denak–, tokian-tokian azken urtean egin dutenaren berri emateko eta datorren urterako ekarpenak jasotzeko. Hau da aurrekontu parte hartzaileen aurtengo bilera sortaren egutegia:
- Azaroak 5. Alde Zaharra, Basazabalen.
- Azaroak 5. Oñatz, Elizako lokalean
- Azaroak 5 Lasao, auzo lokalean.
- Azaroak 6. Loiola, Loiolatxo elkartean.
- Azaroak 6. Sanjuandegi, Baigera II-ko tabernan.
- Azaroak 10. Aratzerreka, auzoko taberna zenean.
- Azaroak 11. Elosiaga, Añota sagardotegian.
- Azaroak 11. Urrestilla, jubilatuen lokalean.
- Azaroak 12. Matxinbenta, taberna gaineko lokalean.
- Azaroak 12. Nuarbe, auzo lokalean.
- Azaroak 13. Landeta, kiroldegian.
Postontziak eta webgunea
Bilera horietara joan ezin dutenek ere izango dute datorren urteko udal aurrekonturako proposamenak eta iradokizunak egiteko aukera.
Herritar guztiek jasoko dute etxean aurrekontu parte hartzaileen bueltako eskuorria, eta herriko sei puntutan jarriko dituzten postontzietan egin ahal izango dituzte herritarrek ekarpenak. Hain zuzen ere, udaletxean, igerilekuan, liburutegian, Urrestillan, Jose Artetxe kalean eta Urbitarte auzoan jarriko dituzte postontziak; horiek azaroaren 21era arte egongo dira aipatutako tokietan. Bestalde, udalaren azpeitia.eus webgunearen bidez ere egin daitezke aurrekontuetarako ekarpenak, helbide honetan idatzita.
"Herritar guztiak" gonbidatu ditu udal gobernuak aurrekontu parte hartzaileen prozesuan ekarpenak egitera: "Ahalik eta zerbitzu publiko onenak eskaintzea da helburua, eta, horretarako, udalaren ustez, behar-beharrezkoa da herritarrek zer premia eta lehentasun dituzten jakitea".