Azaroaren 11ren bueltan sanmartinak ospatuko dituzte Azpeitiko Bustinzuriko Errebalean, eta aurten ez da sokamuturrik izango egitarauan. Izan ere, dermatosi nodularraren kutsatzeak saihesteko, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak abere azokak debekatu dituzte, baita animaliekin egiten diren zenbait ekitaldi ere.
Gaur-gaurkoz ez dute dermatosi nodularrarekin kutsatutako abererik atzeman Euskal Herrian, baina erakundeek prebentzio neurriak hartu dituzte. Azaroaren 30era arte izango da indarrean debekua, San Andres egunera arte, zehazki, eta beraz, ikuskizun dago egun horretan batean eta bestean egiten diren abere azokak gauzatu ahal izango al dituzten.
Dermatosi nodularra intsektuek transmititutako gaixotasun biriko bat da, eta behiei eragiten die. Handia da gaitzak duen eragina; izan ere, ukuiluko behi bakarra gaixotzen bada ere, denak akabatu beharra dago, hala agintzen duelako Europako araudiak. Frantzian dagoeneko agertu dira kutsatutako animaliak, 85 kasutik gora atzeman dituzte, eta ondorioz, debekatu egin dute behiak Frantziako lurretatik ateratzea. Halaber, Kataluniara ere iritsi da gaitza; hogei bat kasu atzeman dituzte eta 2.000 bat behi hil.