Azpeitiko Argazki Elkarteak jarri du Udazkeneko Argazki Rallyaren 35. edizioa egiteko hitzordua: datorren igandean, azaroaren 2an, izango da. Herrigunean egingo dute egitasmoa, eta partaideek antolatzaileek emandako hainbat gairen inguruko argazkiak atera beharko dituzte.
Rallyan parte hartu nahi duten argazkilariek egunean bertan eman beharko dute izena, elkartearen egoitzan, Soreasu auzoko Dinamoa sormen gunean, 09:00etatik 09:30era bitartean, eta argazkiak ateratzeko gaiak eta ibilbidea orduan jakinaraziko dituzte antolatzaileek. Rallya 13:30ean bukatuko da elkartearen egoitzan, parte hartzaile guztien txarteletako edukia ordenagailuetara pasatutakoan.
Argazkilari bakoitzak, gehienez, 36 argazki aurkeztu ahal izango ditu, denak JPG formatuan. Argazki horiek azaroaren 6ra bitartean bidali ahal izango dituzte, argazkiakaae@gmail.com helbidera, parte hartzailearen izen-abizenak, artxiboaren izena eta gaiaren zenbakia zehaztuta.
Sariak, hilaren 13an
Sari banaketa ekitaldia azaroaren 13an, ostegunez, egingo du Argazki Elkarteak. 21:00etarako jarri dute hitzordua, elkartearen egoitzan, eta sariak banatzeaz gain, rallyko argazki bildumen emanaldia eskainiko dute.
Aurtengo edizioaren irabazleak 150 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarren sarituak 125 euro eta garaikurra; eta hirugarren sailkatuak ehun euro eta garaikurra. Herriko lehen sailatuak, berriz, 90 euro eta garaikurra eskuratuko ditu, eta argazki onenaren egileak, bestalde, 60 euro eta garaikurra.