Dozenaka lagunek parte hartu dute klimaren alde Ekoetxean egin dituzten jardueretan

Aitziber Arzallus 2025ko urr. 26a, 18:50

Eguraldiak askorik lagundu ez dien, ausartenak Xaguxatar bidea egitera joan dira goizean, eta beste askok Ekoetxean bertan egin duten estanpazio tailerrean oihalezko poltsak dotore apaindu dituzte. Arratsaldeari bi tailerrekin ekin diote, eta Kiribil doktorearen abenturak entzunez bukatu dute jaia. 

Ekin orain! lelopean Klimaren Aldeko Jaia ospatzen ari dira gaur Ekoetxean, eta kanpoko jardueretarako eguraldiak askorik lagundu ez dien arren, asko izan dira bertaratu diren herritarrak, batez ere familia giroan. 10:30ean hasita, Azpeitiko natura eta historia ezagutzeko aukera izango dute herritarrek, Xaguxatar bidea egin bitartean. Jarduera horretarako izena emanda zuten familia batzuek atzera egin dute eguraldiagatik, baina izan dira ibilbidea egitera animatu diren ausartak ere. 

11:00etatik 13:00etara, sormena eta kontzientzia ekologikoa uztartzen dituen hezkuntza jarduera egin dute Ekoetxean bertan: Natura oihalean, Estanpazio tekniken bidez, hostoak, frutak, barazkiak eta loreak bezalako elementu naturalak erabiliz, oihalezko poltsak dotore apaindu dituzte. Horretan bai, dozenaka haurrek, gaztetxok eta gurasok parte hartu dute. 

Bazkaltzeko orduan, 13:00etatik 14:00etara, tokiko produktuen dastaketa egin dute Ekoetxeak sarreran duen aterpean, eta jende ugari bertaratu da orduan ere.

Arratsaldeari ekiteko, berriz, beste bi jarduera zituzten prestatuta Ekoetxean. Batzuek, Aldaketa marrazten tailerrean parte hartu dute, eta besteek, Maitane Cabezas sukaldariak eman duen Maitatu, koxinatu, eraldatu tailerra eskainiko du. Lurra eta ekoizleak zaintzearen eta ekonomia solidarioa sustatzearen garrantziz jardun du hark, plater ezin goxoagoak prestatzen zituen bitartean.

Azkenik, jaia bukatzeko, ipuin kontalariaren saioa izan da. Hiru urtetik gorako haurrek Kiribil doktorearen abenturak ezagutu ahal izan dituzte eta, aldi berean, ingurunea zaintzearen garrantziaz jabetu dira. Goizekoetan bezala, arratsaldeko jardueretan ere jende ugarik parte hartu du. 

(Argazkiak: Aitziber Arzallus eta Ekoetxea)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide