Galerarik gabeko asteburua izan du Lagun Onakek

Nerea Uranga 2025ko urr. 27a, 12:05

Lagun Onaken eta Zarautzen arteko partidan Jakes Aranbarri. (Lagun Onak FT)

Lagun Onakeko gizonen talde nagusiak Zarautz hartu du mendean azken asteburuan, eta emakumeen taldeak berdinketarekin konformatu behar izan du Irauli Bostekoren kontra jokatutako partidan.

Larunbatean arratsalde paregabea izan zuen Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onakek. Etxean hartu zuen Zarautz. Garmendipeko futbol zelaira kostatik etorritako taldea fin ibili zen partidaren hasieran, lehen hogei minutuetan pare bat ezusteko eraginez, baina Jokin atezaina argi ibili zen eta bi jaurtiketak gelditzea lortu zuen. Zarauzkoek eragindako bi ezusteko horien ondoren espabilatu ziren Riberaren mutilak etxeko zelaian, eta partidaren gidaritza hartu zuten. 31. minutuan, Unax Odriozola zarauztarrak goxoki bat egin zion opari Jakes Aranbarriri eta honek buruz gola sartu zuen Zarauzkoen atean. Aurrez, beste jokaldi batean, Aranbarrik aurkariei adierazi zien jokorako arratsaldea zuela, baita izan ere.

39. minutuan etorrri zen Lagun Onakekoen bigarren gola, Makel Yudegok lerro artean Jon Sorazuri baloia pasatu, eta honek atea zulatu zuen.

2-0 markagailuan, partida bereganatuta eta menpean hartuta zutela uste zutenean, beste ezusteko bat jaso zuten Riberaren mutilek. Izan ere, Jokin atezainaren despiste bati etekina aterata, Zarauzkoek gola sartu zuten; markagailua 2-1 ipiniz.

Bigarren zatia hasi eta 51. minutuan etorrri zen Lagun Onaken hirugarren gola; hori ere Jakes Aranbarrik buruz sartutakoa izan zen, Unax Odriozolaren pase bati zukua aterata. 88. minutuan, Unax Uria aurkarien arean sartu zen, eta Zarauzko defentsak penaltia egin zion. Orduan, Jagoba Erdoziak penaldia ate barruan sartu zuen. 4-1 markagailuan jarriz.

Bosgarren eta azken gola 89. minutuan etorri zen Lagun Onakekoentzat, Markel Yudegok sartuta. Hala, Zarautzen kontrako partida 5-1 irabazi zuen Lagun Onakek.

Datorren asteburuan jokatuko du bederatzigarren jardunaldia Lagun Onaken mutilen talde nagusiak. Pasaiaren kontra ariko da etxetik kanpo. Sailkapen orokorrean Pasaia hirugarren postuan dago gaur egun, Lagun Onak baino lau postu aurrerago.

Emakumeek berdinketa

Ohorezko Erregional Mailako Lagun Onakek atzo, igandea, arratsaldean jokatu zuen Irauli Bostekoren kontra Donostiako Matigoxotegi futbol zelaian. Ondo eta aurretik hasi arren partida, berdinketarekin etxeratu zen Lagun Onaken emakumeen talde nagusia.

Dotore ekin zioten jokoari, intentsitatearekin eta erritmoarekin. Era horretan, hirugarren minuturako partida mendean hartzea lortu zuten Lagun Onakekoek Lorea Ruedak gola sartuta (0-1). Baina gutxi iraun zien zorionak Lagun Onakekoei, izan ere gaizki defendatutako korner baten ondorioz, hemeretzigarren minutuan Irauli Bostekoek gola sartu eta 1-1 jarri zuten markagailua. Hala ere, atsedenera beste gol bat gehiago sartuta iritsi ziren Lagun Onakekoak, Maria Sorazuk egindako golari esker, 1-2.

Bigarren zatian ere Lagun Onakena izan zen baloiaren jabetza, baina gaizki zaindutako beste korner baten ondorioz, aurkariek gola sartuta bina berdindu zuten 58. minutuan. Hortik aurrera, ordea, baloia Azpeitikoena izan zen, eta 76. minutuan Malen Zabalak Lagun Onakekoen aldeko hirugarren gola sartu zuen. Partida bukaera arte garaipen horri heldu nahian jardun zuen Lagun Onakek, baina ez zuen lortu hiru punturekin etxeratzea. Izan ere, azken minutuan aurkariek gola sartu zien, partida 3-3 berdinduta bukatuz.

Datorren asteburuan Garmendipen ariko da Lagun Onaken emakumeen talde nagusia Landetxa KT-ren kontra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide