Nutrizioa menopausiara egokitzeko ikastaroa antolatu dute Elikaguneak eta Eliku zentroak

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 28a, 15:14

Menopausia garaia irudikatzen duen ilustrazioa.

Menopausian nahiz perimenopausian dauden pertsonei zuzendutako hiru saioko ikastaroa antolatu dute Elikaguneak eta Eliku zentroak. Bizitzako aldi horietan ohikoak diren sintomak elikaduraren bidez arintzeko argibideak emango dituzte. Azaroaren 6an izango da lehen saioa, eta izena emateko epea ireki dute jada.

Elikaguneak eta Eliku zentroak Nutrizioa perimenopausian eta menopausian izeneko ikastaroa antolatu dute. Azaroaren 6an, 13an eta 20an eskainiko dituzten saioetan, perimenopausian nahiz menopausian dauden pertsonentzat ohikoak diren sintomak nutrizioaren bidez nola arindu daitezkeen azalduko dute.

Beroaldiak, nekea, insomnioa edo bestelako sintoma fisiko nahiz emozionalak ohikoak izaten dira perimenopausian ala menopausian dauden pertsonen kasuan, baina bizitzako aldi horietara egokitutako elikadura baten bidez aurre egin dakiekeela erakutsiko du Elikaguneak eta Eliku zentroak Azpeitiko Udalaren laguntzarekin antolatu duten ikastaroak.

Gai horren bueltan, hiru saio antolatu ditute; Azoka Plazan izango dira guztiak, 18:00etan. Lehenengoan, azaroaren 6an, ezagutza zabaltzea izango dute xede: menopausian gertatzen diren aldaketak eta sintomak ezagutzera emango dituzte: klimaterioa, hormona aldaketak eta estrogenoen jaitsiera. Gainera, azalduko dute elikadurak, atsedenak, ariketa fisikoak eta osagarriak nola lagundu dezaketen norberaren ongizatea hobetzen.

Azaroaren 13ko saioaren helburua, berriz, asteko menua planifikatzea eta elikagai estrategikoak aukeratzea izango da, menopausiak eragindako sintomak murrizteko eta energia gehiago izateko.

Hilaren 20koa izango da azken saioa, eta sukaldean jardungo dute egun horretan. Edozeinen eguneroko bizitzara erraz egokitzen diren errezetak prestatzen erakutsiko dute, elikadura osasungarria eta zaporea uztartuz. 

Izen-ematea zabalik

Nutrizioa perimenopausian eta menopausian izeneko ikastaroan izena emateko epea irekita dago jada. Parte hartu nahi duten herritarrek esteka honetan eman beharko dute izena. Elikaguneko bazkide direnek 45 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzekoek 50.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide