Euskal Herriko txapela lortzeko borrokan egon nahi du Mikel Larrañaga aizkolariak

Andoni Elduaien 2025ko urr. 29a, 09:54

Ezkerretik eskuinera, Gabirondo, Vicente, Zaldua, Ezpeleta, Larrañaga eta Txikia IV.a. (Andoni Elduaien)

Igande eguerdian Azkoitian jokatuko dute Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkolarien Txapelketaren finala, eta han izango da Mikel Larrañaga azpeitiarra. Lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko ahalik eta azkarren moztea izango dute xede hark eta beste bost finalistek. Sarrerak egunean bertan jaialdia hasi baino ordu lehenago jarriko dituzte salgai Gurea frontoiko leihatilan.

Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkolari Txapelketaren final nagusia jokatuko dute datorren igandean, azaroak 2, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. 12:00etan hasita, sei aizkolari ariko dira nor baino nor gehiago, baina txapela batek bakarrik jantziko du, Euskal Herriko onenak. Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra da txapela lortzeko hautagaietako bat, baina hark aurkari gogorrak izango ditu aurrean: Iker Vicente iazko txapelduna, Hodei Ezpeleta iazko txapeldunordea, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra, Xabier Zaldua eta Julen Gabirondo.

Sei protagonistek lan gogorra dute aurretik; izan ere, guztira, hamabi enbor ebaki beharko dituzte: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko. Enbor guztiak behar bezala azkarren mozten dituenak jantziko du Euskal Herriko txapela. Iaz, Vicentek irabazi zuen txapela Gasteizen, lanak 35 minutu eta 39 segundoan amaituta –duela bi urte baino bost minutu eta erdi azkarrago ebaki zituen iaz–. Ezpeleta sailkatu zen bigarren, Vicentek egindako denboratik lau minutu eta erdira. Podiumeko hirugarren koskara, berriz, Jokin Urretabizkaia Basozabal igo zen, lanak 40 minutu eta 53 segundoan amaituta.

Atzo arratsaldean aurkeztu zuten txapelketa Azkoitiko Elkargunean, eta Larrañagak azaldu zuen bere helburua "ahalik eta lan onena egitea" dela, nahiz eta hura jakitun den txapela lortzeko hautagai nagusia Vicente dela. Ordea, azpeitiarrak aitortu zuen igandeko hitzordura ez dela punturik onenean iritsiko. "Badakigu nor den faboritoa, baina ea estutu bat emateko gai izaten garen. Nire partetik zaila izango da, ez bainago %100ean. Ez dut finala behar bezala prestatzeko denborarik hartu, eta zenbaki bat ematearren, %70ean nagoela esango nuke. Halere, neure lana txukun egitea lortzen badut, azalduko da zerbait". 

Sei kirolariak, Ana Azkoitia alkatearekin eta Duñabeitia federazioko presidentearekin. (Andoni Elduaien)

Sarrerak, egunean bertan

Igandeko finala frontoian ikusi nahi dutenentzako sarrerak igandean bertan aterako dituzte salmentara. Gurea frontoiko leihatilan eskuratu ahalko dira horiek finala hasi baino bi ordu lehenago –10:00etatik aurrera, alegia–; 40 euroan salduko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide