Organo eta biolin kontzertua izango da azaroaren 8an, Gipuzkoako Organoak zikloaren barruan

Juan Luis Romatet 2025ko urr. 29a, 10:00

Iraia Bereziartua eta Itziar Urbieta. (Urtzi Oteiza)

Gipuzkoako Organoak zikloaren barruan, herriz herri hainbat emanaldi izango dira datozen hilabeteetan. Azpeitiko parrokian izango da kontzertuetako bat azaroaren 8an, 11:00etan hasita. Itziar Urbieta organistak eta Iraia Bereziartua biolin jotzaileak eskainiko dute saioa. Emakumeen artean izenburuko kontzertuan hainbat musikari emakume konpositoreren obrak joko dituzte.

Gipuzkoako organoek duten balioa gizarteratzeko askotariko ekintzak egin dituzte azken urteotan. Izan ere, elizen goialdean gordetzen dituzten musika instrumentu horiek erabat ezezagunak dira askorentzako. Mezei eta hiletei soinu banda jartzen dien tresna konplexuak besterik ez dira izango herritar batzuentzako. Dena den, Gipuzkoako Foru Aldundiak nabarmendu duenez, "Gipuzkoan Europako organo bilduma garrantzitsuenetako bat dago". Esku artean dituzten datuen arabera, 150 instrumentu inguruk osatzen dute lurraldeko organo ondarea.

Tresnak baino gehiago, artelan batzuk direla erakusteko ziklo edota jaialdiak antolatu dituzte. Horren adibideetako bat da, Azkoitian, Azpeitian eta Bergaran egiten duten Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloa. Hori bezala, Fray Joseph Echevarria elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Gipuzkoako Organoak zikloa antolatzen du helburu jakin batekin: "Ingurune kultural eta artistiko propio batean murgilduta dagoen musika tresna gisa sustatzea organoa". Elkartearen bigarren helburua organo jotzaileen eta organo maitaleen lankidetzari bizia ematea izango litzateke.

Emakumeen obrak

Aurtengoarekin 36. edizioa beteko du organoaren bueltan antolatutako jaialdi ibiltariak, Gipuzkoako Organoak zikloak, eta lurraldeko bederatzi herri edo auzotan egingo du geldialdia, azaroa eta abendua artean. Azpeitian izango da zikloaren barruko emanaldietako bat. Hain zuzen, azaroaren 8an, larunbatean, Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Itziar Urbieta organista eta Iraia Bereziartua biolin jotzaile azpeitiarrek emango dute kontzertu hori.

Urbietak eta Bereziartuak Emakumeen artean izenburuko kontzertua eskainiko dute, eta hainbat emakume musikarik konposatutako obrak interpretatuko dituzte. Honakoa da kontzertuaren egitaraua:

  • Franziska Lebrun (1756-1791). Rondea.
  • Johanna Senfter (1879-1961). Elegie op.13, nº.
  • Dora Pejacevic (1885-1923). Romanze op.22  eta Elegie op.34.
  • Lili Boulanger (1893-1918). Nocturn.
  • Nadia Boulanger (1887-1979). Improvisation*.
  • Barbara Heller (1936-). Lalai (esnatzeko sehaska kanta, Persiako emakume guztiei eskainia).
  • Cécile Chaminade (1857-1944). Meditation eta Concertino op.107.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide