Lurrun trenak denboraldiko azken bidaiak egingo ditu asteburuan

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 30a, 09:52

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa.

Zapatuan nahiz igandean, 12:00etan egongo da trenean ibiltzeko aukera. Bidaia horiekin aurtengo lurrun trenen denboraldia bukatuko du Burdinbidearen Euskal Museoak.

Azpeitiko Euskotrenen Burdinbidearen Euskal Museoan lurrun trenen bi bidaia eskainiko dituzte asteburu honetan, aurtengo sasoiko azkenengoak. Zapatuan nahiz igandean, trenak 12:00etan abiatuko dira museoaren geltokitik, eta ohi bezala, Lasaora arteko joan-etorria egingo dute. Trenerako txartelak museoan bertan erosi beharko dira. 

Azpeitian dagoen Burdinbidearen Euskal Museoak bere instalazioetan Europako tren bildumarik onenetakoa biltzen du, eta mota guztietako ibilgailuak ditu erakusgai: lurrun tren makinak, dieselak eta elektrikoak, automotoreak eta bagoiak. Gainera, Urolako trenbidearen tailer mekaniko zaharrari esker, makina-erreminta multzo osatua du, baita XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko tren erlojuen bildumarik onenetako baten laginak ere.

Burdinbidearen museoak honako ordutegia du: astelehenetan itxita egoten da, eta asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era zabaltzen dute. Larunbatetan ere goiz eta arratsalde izaten da zabalik museoa, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era. Igandeetan eta jaiegunetan 10:30etik 14:00etara izaten da irekita. Museoko telefono zenbakia 943-15 06 77 da eta helbide elektronikoa museoa@euskotren.eus.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide