Tona bat zabor atera dute Urola eta Ibaieder ibaietatik

Nerea Uranga 2025ko urr. 30a, 17:44

Urola eta Ibaieder ibaietan bildutako zaborra pilatuta. (Azpeitiko Udala)

Urriaren 20tik 28ra bitartean Urola ibaiaren 3,5 kilometroko eta Ibaieder ibaiaren 4,2 kilometroko tarteak garbitu ditu udalak. Eskuz egin dute ibaietako zabor bilketa, bertako biodibertsitateari kalterik ez egiteko. Urola ibaian landaredia arintzeko lanak ere egiten ari dira egun hauetan, Enparan Dorretxe paretik Damaso Azkue auzora bitartean.

Aurten ere, Urola eta Ibaieder ibaiak garbitzeko "lan sakona" egin du Azpeitiko Udalak. Garbiketa lana egiteko kontratatutako Txukun enpresako langileek 1.060 kilo zabor atera dituzte bi ibaietatik. Urriaren 20tik 28ra bitartean jardun dute ibaiak garbiltzeko lanetan, Urola ibaian Aldakaitz baserritik Basabe ingurura arteko 3,5 kilometroetan, eta Ibaieder ibaian, Azoka Plazatik Antxieta Txiki baserrira arteko 4,2 kilometroetan.

Udalak azaldu duenez, eskuz egin dute ibaietako zabor bilketa, ibaiko biodibertsitateari kalterik ez egiteko. Era askotako hondakinak atera dituzte ibaietatik, besteak beste, plastikoa, txatarra, gurpilak eta errefusa. Bildutako zaborra Laienera eraman dute, bertan behar bezala sailkatzeko eta kudeatzeko.

Ibaietako landaredia arintzen

Urtero egiten du ibaietako garbiketa udalak. Aurten, ordea, garbiketa lan horrez gainera, Urola ibaiko landaredia arintzeko lanean ari da. Azoka Plazatik Enparan Dorretxera arteko zubiaren zatian esku hartu zuen abuztuan. Orain, berriz, urriaren 20an hasi eta azaroaren 4ra bitartean, Enparan Dorretxe paretik Damaso Azkue auzora arteko ibaiaren tartean ari da landaredia arintzen Ura Agentzia.

Ibaiak garbitzeko nahiz landaredia arintzeko esku hartzeak "ibaiaren funtzionamendu ekologikoa mantentzeko eta uholde arriskuak murrizteko" helburuekin egiten dituela azaldu du Azpeitiko Udalak. Horretarako eta biiodibertsitatea mantentzeko landaredia arintzerakoan honako lanak egingo dituztela azaldu dute: hildako zuhaitzak eta landarediak sortutako tapoiak erretiratu, zuhaitzen azpiko arramak kimatu; eta landare aloktonoak (inbaditzaileak) kendu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide