Jose Luis Frantsesena: "83 urte ditut, baina oraindik segitzeko gogoa daukat"

Ane Olaizola 2025ko urr. 31a, 09:21

Jose Luis Frantsesena organista. (Ane Olaizola)

Bihar 25 urte beteko dira Jose Luis Frantsesenak Azkoitiko organista titular gisa lehen kontzertua eman zuenetik. Urteurrenean, kontzertua emango du Mariatxen Urkia sopranoarekin batera Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokian, 20:00etan.

Aurkezpen gutxi behar du Jose Luis Frantsesenak (Azpeitia, 1942). Etxetik jasotako pasioan murgilduta darama bizitza osoa, eta Azkoitian ere egin dio ekarpena musikari: bihar, 25 urte beteko ditu organista titular moduan. Bere buruari eperik eta mugarik jarri gabe, horretan jarraitzeko asmoa duela azaldu du parrokian bertan egindako elkarrizketan. 

Duela mende laurden hasi zinen Azkoitiko organista titular moduan lanean. Pentsatzen al zenuen horrenbeste urte egingo zenituenik?

Bai, zergatik ez? Azkoitiko jendea ezagutzen nuen, eta lehendik ere Azkoitian jota nengoen organoa. Esaterako, herriko organistak jo ezin zuenean, niri deitzen zidan eta haren ordez jotzen nuen. Telesforo Garmendia apaizak 75 urte bete zituenean proposatu zidan organoaren ardura hartzea, eta zalantzarik ez nuen egin, edozein organistarentzat ederra delako Azkoitian dagoen moduko organo bat jotzea. 

Nola gogoratzen duzu duela mende laurdeneko lehen emanaldi hura?

Iraurgi abesbatzarekin batera eskaini nuen saioa. Abesbatza ona zuen Iraurgik, eta sekula jo gabe nengoen Rompe las cadenas abestia eskaini genuen. Gustura geratu ziren haiek, baita ni ere. Ordea, batez ere organoarekin nengoen gustura ni, miragarria baita Azkoitikoa. 

Nolakoa izan da urte hauek guztietako ibilbidea?

Oso lan lotua da. Larunbat arratsaldeak eta igandeak okupatuta dituzu, asteburuan, guztira, hiru meza izaten direlako. Astegunetan ere, pare bat hileta elizkizun izaten dira batez beste, eta lotura handia da, beraz. Baina gustuko lana dudanez, horrek bultzatzen nau aurrera segitzera. Gainera, elizkizunetan-eta gustatzen zait dagokidan uneetan ez ezik, jendea elizara etortzen denean eta handik joaten ari den momentuetan ere organoa jotzea, funtzioari halako giro bat emateko. 

Eta organistak elizkizunera joan ezin duenean, zer?

Nik ez diot sekula huts egin konpromisoari; ezin izan badut joan, nire ordez aritzeko norbait topatu izan dut beti. Behin, gogoratzen naiz Loiolan izugarrizko auto ilarak zeudela, eta abisatu nuen ez nintzela iritsiko mezara. Halako batean ailegatu nintzen, eta orduantxe hasita zegoen elizkizuna. Berandu, baina orduantxe hasi nintzen ni ere organoa jotzen. 

Organistak mezan egiten duen lana oharkabean igarotzen al da? Jendeak aitortzen al du zuen lana?

Organistak bere lana egiten du, eta gero, batzuk etortzen dira oso lan polita izan dela esatera, baina gehienek ez dute ezer esaten. Esan beharrik ere ez dute, ordea: adibide bat ematearren, organoa ari zara goxo-goxo jotzen, eta batez ere neguan, abestia amaitzen duzunean, orduan entzuten dituzu herritarren eztul hotsak. Horrek esan nahi du jendea organo doinu horiek aditzen egon dela. 

Esan duzu musika tresna aparta dela Azkoitikoa. Jakinekoa da berezia dela, besteak beste, Cavaille-Coll maisuarena delako. Azkoitiko organoaren zer azpimarratuko zenuke?

Cavaille-Collek egin zuen azken organo handia da Azkoitikoa. Organogile hark bizitza osoa igaro zuen ahalik eta organo onena asmatu nahian, eta beraz, Azkoitikoa da haren hobekuntza guztiak dituena. Esaterako, Loiolako basilikan dagoen organoa hamar urte lehenago egin zuen hark; hura ere zoragarria da, eta erregistro aldetik, antzekoa. Baina han organoak ez du nahikoa espazio, eta lekurik ez dagoen tokian daude tuboak sartuta. Horregatik, barreneko tubo handienak kurbatuta daude, eta horren eraginez, ezaugarri akustiko desberdina du. 

Azkoitian jotzen duten organistek antzematen al dute haren berezitasuna? Zer diote?

Organoa jotzen hasi eta bi minuturako "hau da hau gauza" esaten dute, harrituta. Askok galdetzen dute halako ona al den Azkoitiko organoa, eta bai, jendeak uste baino hobea da. Berriz diot: Cavaille-Collen azkenengo lan handia da. Azpeitian organista zen Aldalur azkoitiarraren eskariz ekarri zuten organoa Azkoitira, baina Cavaille-Coll bera ez zen sekula etorri hona, horretarako arduradun bat baitzuen Gipuzkoan. Organogileak urtebetera enpresa saldu zuen, eta bi urtera hil egin zen. Sentitzen zuen zerbait, beraz. 

Herrian ba al dago organoarekiko zaletasunik?

Askorik ez, egia esan. 

Eta erreleborik?

Gero eta gazte gutxiagok jotzen dute organoa. Organo eskolan, gaur-gaurkoz bi ikasle ditut, eta horietako bat, 15 urteko neska, oraintxe hasi da. Ez dakit zer egin daitekeen organoarekiko zaletasuna pizteko, baina egin, egin daiteke. Honetan hasi nintzenean, eskoletara joaten ginen eta neska-mutil mordo bat apuntatzen ziren. Orain, halakorik ez da gertatzen. 

Etorkizunean ere hemen irudikatzen al duzu zure burua? Jarri al diozu zeure buruari epe mugarik?

83 urte ditut, baina oraindik segitzeko gogoa daukat; beraz, hemen jarraitzeko asmoa dut. Edonola ere, nire ondorengoa izango denari argi esan beharko zaio hemen zer lan dagoen, eta iruditzen zait pertsona bakar batek baino hobeto egingo dutela bi lagunen artean.

Urteurrena ospatzeko, bihar kontzertua eskainiko duzu Mariatxen Urkia sopranoarekin. Nolakoa izango da?

Bachen obra bat taularatuko dugu lehendabizi, eta horrek kontraste handia eragingo du segidan etorriko den Haendelen piezarekin. Bi konposatzaileak urte berean jaiotakoak ziren, baina bakoitzak bere sistema zuen organoa jotzeko. Izan ere, Alemanian oso garatuta zegoen organoa, eta Ingalaterran organo txikiak zituzten. Haendel Ingalaterrara joan zen ikastera, eta horren eraginak nabariak dira haren musikan. Guridiren Baserria abestiaren bigarren zatiko sarrera ere joko dugu, eta Dvorak organistarenarekin amaituko dugu saioa. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide