Kalabazen barruko kandelek argitu dute urteko gaurik beltzena Azpeitian. Aurrenekoz ospatu dute Gau Beltza edo Arimen Gaua herrian, eta antolatzaileek egindako deiari erantzunez, haur eta guraso askok egin dute bat arratsaldean Alde Zaharrean egin dituzten ekintzetan. Euskal tradizioan, historian eta hizkuntzan oinarritutako Arimen Gaua ospatzeko gogoak elkartu ditu aurten hainbat guraso, eta herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, urriaren azken eguna elkarrekin eta modu berezian ospatu nahi izan dute.
Mozorroak soinean eta kalabazak eskuetan, herritarrak kalejiran abiatu dira 19:00etan plazatik, Juan Antxieta musika eskolako trikitilariak aurretik zituztela. Traktore batek tiratutako karroza batean joan dira zenbait lagun, eta haien atzetik egin dute kalejira Perez Arregi plazara arteko bidea gainerakoek; gaztainak janez arindu dute ibilaldia askok. Kalejira guztiz iluna izan da gaurkoa; izan ere, kalejira igaro den kaleetako farolak itzali egin dituzte, kalabazen argiak modu berezian egin zezan dir-dir. Perez Arregi plazara iristean egin dute arratsaldeko lehen geldialdia, han ipuin bat kontatu dute-eta traktore gaineko lagunek. Traktorearen bueltan elkartu dira haur eta guraso guztiak, eta belarriak zut jarraitu dute kontakizuna.
Ipuina amaitu bezain laster, plazarako itzulera prestatzen hasi dira berriro Gau Beltzeko kalejirara bat direnak. Done Jakue kaletik zehar egin dute plazara arteko bidea, eta han arratsaldea borobiltzeko ekintzak egin dituzte. Aurrena, beldurrak sutara bota dituzte; ondoren, dantza herrikoia egin dute Itsasi dantza taldekoekin batera; eta bukatzeko, lurrari atseden emateko ipuin antzeztua egin dute.
Gau Beltzean murgildu dira gaur azpeitiarrak, baina egun horren bueltako ekintzak datorren astean ere egingo dituzte. Azaroaren 4an, asteartez, heriotzaren inguruko ipuin kontaketa ludikoa egingo dute. Manex Beristain arduratuko da Tximeletaren bidaia ipuina kontatzeaz. Hitzordu hori 6 eta 12 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzenduta egongo da, eta Basazabal jauregian egingo due, 18:00etatik aurrera.