Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK lasterketen antolatzaileek sustatuta, emakumeei zuzendutako lehen entrenamendu saioa egin dute gaur, larunbatez. Eguraldi makurrari umore onarekin erantzun diote saioan parte hartu duten 50 bat lagunek. Antolatzaileek adierazi dutenez, guztira, 70 lagun baino gehiago elkartu dira.
Korrikalariak 08:30ean elkartu dira, Azpeitiko plazan. Oihana Azkorbebeitia lasterkariak gidatuta egin dute entrenamendu saioa. Lehen irteera izanda, "ibilbide gozo samarra" egin dute, antolatzaileek azaldu dutenez; alegia, Txalintxo, Munoaundi eta Oñatz inguruko buelta izan da lehen irteerakoa. Bukatzeko, hamaiketakoa izan da irteeran parte hartu duten guztientzat. Gainera, hainbat zozketa egin dituzte, eta nahi duenak Garagardo Azokan bazkaltzeko aukera izan du.
Aurreko urteetan antolatutako saioek izandako "arrakasta" eta jendeak emandako erantzuna ikusita antolatu dituzte entrenamendu saioak aurten ere, baita "emakumeen parte hartzea sustatzen jarraitzeko" asmoarekin ere. Gaurkoaz gain, beste hiru entrenamendu saio izango dira. Hona hemen egutegia:
- Abenduak 13, larunbata. Efikeko Julen Ansoalde eta Josu Larrañaga.
- Urtarrilak 10, larunbata. Ainara Urrutia.
- Otsailak 21, larunbata. Jomako taldekideak.
(Argazkiak: Alberto Beloki)