Palestinako erresistentziaren aldeko mendi erronka egin zuten atzo, larunbatez, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa artean. Urola Erdiko GKSk antolatuta, hiru herri horietako hainbat elkartetako eta eragiletako kideek osatu zuten 54 kilometroko ibilbidea; guztira, 11 mendi tontor igo zituzten. Antolatzaileek azaldu dutenez, ehunka herritarrek parte hartu zuten mendi erronkan, eta eguraldiak asko lagundu ez bazuen ere, "oso ondo" irten ze guztia. "Tontor guztietan lortu genuen Palestinako bandera jartzea, jende pila bat elkartu zen ibilbidearen hainbat zatitan, eta Azpeitirako iritsiera ere oso jendetsua izan zen", adierazi dute. Palestinarrek beren burua defendatzeko duten eskubidea aldarrikatzea eta Palestinako erresistentziari babesa adieraztea izan ziren erronkaren helburuak.
Hamar zatitan banatu zuten ibilbidea: Azpeitiko plazatik abiatu ziren 06:00etan, eta handik Txalintxo eta Munoaundi aldera abiatu ziren aurrena, ondoren Samiñora jotzeko. Gero, Azkoitiko plazara jaitsi ziren parte hartzaileak, eta Kakuetarako bidea hartu zuten jarraian. Azkoitia atzean utzi, eta Azpeitiko lurretan sartu zen erronka; izan ere, Xoxote eta Erlo gailurretara egin zuten bidea. Azpeitiko bi gailur horien ondoren, berriz, Zestoara zuzendu ziren, han Ertxina, Santa Engrazia eta Munomendi zeharkatzeko. Erronkaren azken zatia Azpeitiko tontorretan egin zuten, hala nola Sañoan eta Arauntzan.
Zati horiek egiteko, hiru herrietako eragileak eta elkarteak batu ziren egitasmora; guztira, hamabost. Hona hemen zati bakoitzari buruzko informazioa:
- 1. zatia: Azpeitia-Txalintxo-Munoaundi (GKS)
- 2. zatia: Munoaundi-Samiño (Zipitze / Ikasberri KE)
- 3. zatia: Samiño-Azkoitia (Xeye / UGA)
- 4. zatia: Azkoitia-Kakueta-Xoxote (Anaitasuna MB)
- 5. zatia: Xoxote-Erlo (Lagun Onak MB / Lagun Onak FT)
- 6. zatia: Erlo-Zestoa (YK Riders / Lagun Onak TXE / Mangaixue)
- 7. zatia: Zestoa-Ertxiña (Agiro)
- 8. zatia: Ertxiña-Santa Engrazia (Abantzu)
- 9. zatia: Santa Engrazia-Munomendi (Sokaitz)
- 10. zatia: Munomendi-Sañoa-Arauntza-Azpeitia (Sañu Bizirik)
(Argazkiak: Urola Erdiko GKS)