Jose Luis Frantsesena organo jotzaile azpeitiarra omendu zuten atzo, zapatua, Azkoitian. Atzoko egunez bete zituen musikariak 25 urte Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokian dagoen Cavaille-Coll organoan. Hain justu, aurreneko kontzertua eman zuen egun bera baliatu zuen Frantsesenak atzo, 25. urteurreneko kontzertua eskaintzeko; Mariatxen Urkia sopranoarekin batera aritu zen hura, eta jendetza elkartu zuen emanaldiak. Sei abestiko egitaraua aurkeztu zuen bikoteak hasiera batean, baina urteurrena aitzakia hartuta, beste hiru abesti ere eskaini zituzten haiek, parrokian bildutakoen gozamenerako.
Kontzertuaren amaieran, zutik eta txalo artean hartu zituzten ikus-entzuleek Frantsesena eta Urkia, baina omenaldia harago joan zen; izan ere, ekitaldiaren amaieran lagunek, herritarrek, udalak eta parrokiako taldeak Azkoitian egindako ibilbidea eskertu zioten organo jotzaile azpeitiarrari. Urteurrena aintzat hartuta, Ignacio Arakistain eta Xabier Arana organo jotzaile gazteek beren maisuari aitortza egin nahi izan zioten, eta ekitaldira batu ziren gero Azkoitiko Udala eta Azkoitiko Parrokia.
Felix Azurmendi parrokoak, Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak, Ignacio Arakistainek eta Antton Aranburuk izan zituzten Frantsesenarentzako esker hitzak. Azken horrek, gainera, bertso bat ere eskaini zion ekitaldiaren amaieran.