Iker Vicente aizkolari otsagabiarrak (Nafarroa) laugarrenez irabazi du Euskal Herriko Aizkolarien Txapelketa. Gaur, igandea, Azkoitian jokatu dute lehen mailako lehia, eta faboritoak, beste behin, nagusitasunez irabazi du Gurea pilotalekuan, Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a azpeitiarraren txapelak berdinduz. Mikel Larrañaga azpeitiarra hirugarren sailkatu da, Hodei Ezpeleta eibartarraren (Gipuzkoa) atzetik. Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak, Julen Gabirondo urnietarrak (Gipuzkoa) eta Xabier Zaldua zumarragarrak (Gipuzkoa) osatu dituzte laugarren, bosgarren eta seigarren postuak, hurrenez hurren.
Sei aizkolariek lan gogorrari egin behar izan diote aurre. Euskal Herriko Txapelketan ohikoa den lana eginez, guztira, hamabi enbor ebaki behar izan dituzte haiek: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko. Vicentek moztu ditu hamabi enborrak azkarren; hark 39 minutu eta 46 segundo behar izan ditu gaur –35 minutu eta 39 segundoan amaitu zituen lanak iaz, Gasteizen–.
Bigarren posturako lehia izan da eguneko unerik zirraragarriena, pare-parean eman dute-eta azken enborrean buelta erdia Ezpeletak eta Larrañagak. Harmailetako tentsioak eta oihuak aizkolarien artean ere majo nabaritu dira, eta tiki-taka handia erakutsi dute azken aizkorakadetan. Azkenean, Ezpeletak tarte ederra lortuta irabazi du Larrañagarekin izan duen dema; eibartarrak 43.47 denboran amaitu ditu lanak, eta kronometroak 44.39 denbora markatzen zuenean eman du azken kolpea Larrañagak. Txikia IV.a ere ez da podiumetik urrun izan; hark 45.42 denbora egin du. Bosgarren eta seigarren postuak osatzen, azkenik, Gabirondo eta Zaldua izan dira; urnietarrak 47.05 denbora egin du eta zumarragarrak 47.38 denbora.
"Astindua gorputzari"
Larrañaga "penatuta" agertu da azken unean bigarren postuak ihes egin diolako. "Bigarren oinbikoan dezenteko adarra agertu zait egurrean, eta une horretan astindua eman diot gorputzari, 60 ontzako enborrak ere gogorrak egin zaizkit, eta bukaerara nekatuta iritsi naiz. Hori gutxi ez, eta ikusi dut Ezpeleta pixkanaka gerturatzen ari zitzaidala, eta horrek niri motorra berotzea ekarri du. Gehiago ezin nuen unean pasatu nau Ezpeletak, azkenean". Enegarrenez zapaldu du podiuma du Larrañagak gaur. "Azken hamar urteetan hemen gabiltza podiumean bueltaka, nahiz eta behin ere ez dudan lehen postua lortu; ea egunen batean ailegatzen den momentu hori", adierazi du Azpeitiko aizkolariak.
Hona hemen sailkapena eta denbora guztiak:
- Iker Vicente (39.36).
- Hodei Ezpeleta (43.47).
- Mikel Larrañaga (44.39)
- Julen Alberdi Txikia IV.a (45.42)
- Julen Gabirondo (47.05)
- Xabier Zaldua (47.38)