Bosgarrenean iritsi da Biele ISBren ligako lehen porrota

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 3a

Biele ISBko Thierry Sagna atzo, Coto Cordobaren kontrako neurketaren jokaldi batean. (Unai Murillo)

Neurketa ezin parekatuagoan, bi puntuko aldearekin irabazi zuen Coto Cordobak atzo Azpeitiko kiroldegian (74-76). Domusa Teknik ISBk ere galdu egin du Zamoran (53-47), erreskadan laugarren porrota pilatuz.

Iraurgi Saskibaloiko talde nagusiek asteburu beltza izan dute, emaitzei dagokienez. Espainiako Bigarren FEB ligan, Biele ISBk 74-76 galdu zuen atzo Azpeitian Coto Cordobaren kontra; eta LF Challenge ligan, berriz, Recoletasek 53-47 hartu zuen mendean Domusa Teknik ISB Zamoran (Espainia).

Ligako bosgarren jardunaldian iritsi da lehen porrota Biele ISBrentzat, baina izan zitekeen bosgarren garaipena ere. Atzo, jardunaldi honetan atseden izan duen Valladolidekin batera Bigarren FEB ligaren Mendebaldeko multzoan partidarik galdu gabe jarraitzen zuten bi taldeek neurtu zituzten indarrak Azpeitiko kiroldegian, eta neurketa ezin parekatuagoa eskaini zuten Iraurgikoek eta Coto Cordobakoek. 22-20, 16-18, 18-21 eta 18-17 izan ziren lau laurdenen emaitzak. Azken laurdenean aurretik ere ibili zen Iñigo Nuñezen taldea, baina azkenean, multzoko lidergoan bakarrik gelditu diren Andaluziakoentzat izan zen garaipen estua. Datorren zapatuan, seigarren jardunaldian, Caceresen kantxan jokatuko du Iraurgiren gizonen talde nagusiak.

LF Challenge-ean seigarren jardunaldia osatu dute joan den asteburuan, eta laugarren porrota jasan du Domusa Teknik ISBk; ligako lehen bi jardunaldietako partidak irabazita, erreskadan galdu ditu azken laurak Luis Agirre Katxi-ren taldeak. Azkena, Zamorako Recoletasen etxean pilatu dute Iraurgiren emakumeen talde nagusikoek. Zamorakoa ere neurketa estua izan zen. Markagailua berdinduta harrapatu zuten atsedenaldia –23-23, lehen laurdena 14-13 eta bigarrena 9-10 bukatu ondoren–, eta lehiari ondo eutsi zion Domusa ISBk bigarren zatian ere, baina Zamorakoek puntu gutxi batzuk gehiago saskiratzea lortu zuten –16-12 emaitzarekin bukatu zen hirugarren laurdena, eta 14-12 izan zen azkenaren emaitza–, eta garaipena etxean gelditu zen. 11. postuan dago uneotan Iraurgi LF Challenge ligan. Datorren zapatuan Azkoitian jokatuko du Domusa Teknik ISBk, Caceresen kontra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide