Urolako trena. Horixe da datorren urteko San Sebastian egunez haurren danborradarekin batera Azpeitiko kaleak zeharkatuko dituen karroza ezaugarrituko duen gaia. Karrozaren diseinua egiteko proiektuen lehiaketa martxan jarri du Azpeitiko Udalak, beraz, herritarrak has daitezke jadanik proposamenak bidaltzen. Azaroaren 28an amaituko da diseinuak aurkezteko epea.
Bi efemeridek bultzatu dute udala gai hori aukeratzera, erakunde horrek esan duenez: 2026ko otsailean 100 urte beteko dira Urolako trena inauguratu zutela eta tren horrek azken bidaia egin zuenetik 40 urte beteko dira uztailean.
Urolako trena irudikatuko duen karroza birritan aterako dute kalera datorren urtean: San Sebastian eguneko (urtarrilaren 20an) haurren danborradarekin lehenengo; eta Jai Karnabalean (otsailaren 15ean) gero, artzai-inudeen desfilearekin.
Azpeitiko Udalak lehiaketaren oinarriak aurkeztu ditu, eta horien arabera, karrozaren aurrekontuak ezin du 11.500 euro baino handiagoa izan. Halaber, lehiaketaren irabazleak 1.500 euroko saria eskuratuko du. Proposamenak aurkezteko epea azaroaren 28an, ostirala, bukatuko da, eta horiek udaletxean aurkeztu beharko dituzte herritarrek.
Honako hauek dira karrozaren proiektu eta errealizazio lehiaketaren oinarri guztiak:
- Nahi duten pertsona nahiz talde guztiek har dezakete parte. Pertsona edo talde bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake.
- Lanak edozein teknika edo material erabiliz egin daitezke.
- Proiektuek, ezinbestean, sortu berriak izan beharko dute, hau da, norberak sortutakoak, eta lanaren egileak izango du erantzukizun osoa baldintza hori ez betetzearen ondorioz gerta daitekeen edozein erreklamazioren aurrean.
- Karroza diseinatu eta egiteko proposamenean genero ikuspegia kontuan izan beharko da, emakumeen eta gizonen egoera, beharrizan, interes, asmo eta problema espezifikoak, batzuen eta besteen arteko desberdintasunak aintzat hartuz.
- Karrozaren neurriak ondorengo hauek dira: 2,80 metroko zabalera, 3,85 metroko luzera eta 3,20 metroko altuera.
- Lanak sinatu gabe aurkeztu beharko dira, eta aparteko gutunazal batean egilearen datuak zehaztuko dira: NA, helbidea, telefonoa eta Curriculuma.
- Aurreproiektuak aurkezteko epea azaroaren 28an amaituko da. Epaimahaiak erabakia emango duen eguna modu egokian jakinaraziko da.
- Epaimahaia Azpeitiko Udalak izendatuko du, eta bost pertsonak osaturikoa izango da.
- Aurkeztutako proiektuen artean bakar bat aukeratuko da, eta proiektua gauzatzeko esleituko da.
- Planoak, bozetoak, 11.500 euro baino gehiagokoa ez den aurrekontu zehaztua eta gehienez A-4ko bi orrialde hartzen dituen memoria txiki bat aurkeztu beharko dira.
- Lehiaketaren irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du.
- Lehiaketa hutsik gera daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako proiektuek ez badute behar adinako kalitate edo baliorik.
- Oinarri hauek eta bertako baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak ez dira onartuko.
- Deialdi honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzea esan nahi du.
- Epaimahaiak hartuko ditu oinarri hauetan agertzen ez diren arazo guztien gaineko erabakiak, eta erabaki horiek apelaezinak izango dira. Epaimahaiak karrozaren exekuzio garaian jarraipen lanak egingo ditu. Lanak epaimahaiaren oniritzia eduki beharko du kopuru osoa jasotzeko.