Atzo, igandea, goizean jokatu zen triatloiko distantzia erdiko Espainiako Txapelketa Eivissako Santa Eularia des Riun (Herrialde Katalanak). Han lehiatu ziren Julen Lopetegi eta Maialen Azpiazu triatleta azpeitiarrak, eta biek bost aurrenekoen artean egin zuten.
Gizonetan Elite mailan 60 kirolarik parte hartu zuten eta txapelduna Diego Mentrida izan zen. Horrek txirrindularitzako atalean lortu zuen aurrea hartzea eta bakarrik egin zuen korrikakoa, proba 3.16.56 denboran eginda. Lopetegi laugarren postuan helmugaratu zen, 3.22.02 denbora eginda. Horrez gain, Lopetegi kide den Peñota Dental Alusigma taldea izan zen taldeka txapelduna –Mentrida ere talde horretakoa da–.
Emakumeetan hamalau triatletak parte hartu zuten Espainiako txapelketan, eta Anna Noguera izan zen txapelduna, proba 3.53.16 denboran bukatuta. Bosgarren tokian helmugaratu zen Maialen Azpiazu azpeitiarra, proba 3.59.56 denboran bukatuta.