Azpeitiko Udalak hirigintzako nahiz liburutegiko administrari bana kontratatuko ditu, eta interesa dutenek gaur bertan eman beharko dute izena Lanbiden, bihar amaituko baita horretarako epea. Kontratuek sei hilabeteko iraupena izango dute, eta bi lanpostuak lanaldi osokoak izango dira. Enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako laguntzak baliatuz egingo ditu kontratazioak udalak, Lanbideren bitartez.
Hirigintzako administrari posturako hautagaiek baldintza hauek bete beharko dituzte ezinbestean: euskararen 3. hizkuntza eskakizuna izatea; langabezian egotea eta Lanbiden enplegu eskatzaile gisa izena emanda egotea; Urola Erdian erroldatuta egotea; batxilergoa edo baliokidea izatea eta informatika ezagutzak izatea. Kontuan hartuko dute, halaber, antzeko lanetan esperientzia izatea. 2.491 euroko soldata gordina dagokio lanpostuari. Esteka honetan eman daiteke izena lanpostu horretarako hautagai izateko.
Liburutegiko administrari lanposturako hautagaiek, berriz, baldintza hauek bete beharko dituzte: euskararen 3. hizkuntza eskakizuna izatea; langabezian egotea eta Lanbiden enplegu eskatzaile gisa izena emanda egotea; Urola Erdian erroldatuta egotea; batxilergoa edo baliokidea izatea eta informatika ezagutzak izatea. Kontuan hartuko dute antzeko lanetan esperientzia izatea, bibliotekonomian ikasketak izatea eta Excell programa ezagutzea. 2.491 euroko soldata gordina dagokio postuari. Esteka honetan eman daiteke izena lanpostu horretarako hautagai izateko.