Udal langileen lan baldintzak hobetzea eskatzeko, udal negoziazioak eta Udalhitzen negoziazioa bultzatu nahi ditu EL sindikatuak, eta horretarako, sinadura bilketa gauzatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal langileen artean. Sindikatuaren arabera, milaka sinadura jaso dituzte, eta bildutako txikimenduak udalei eman dizkiete asteotan.
Besteak beste, erosteko ahalmena berreskuratzea, lan kargak arintzeko neurriak hartzea, lan osasunean hobekuntzak egitea, lanaldia murriztea, plantillak gaztetzeko eta behin-behinekotasuna murrizteko neurriak hartzea eta euskarazko zerbitzuak bermatzea eskatzen du ELAk; izan ere, sindikatuak uste du udaletako langileen lan baldintzak hobetzeko unea iritsi dela.
Sindikatuak adierazi duenez, salbuespenak salbuespen urteak dira sektorean "benetako negoziaziorik ez" dela egon, eta ondorioz, lan baldintzak okertu egin direla salatu du. "Alde batetik, udaletako mahai gehienak izoztuta daude, udal taldeen borondate politiko faltagatik. Bestalde, Udalhitzen ez da benetako negoziaziorik egon".
Mobilizatzen segitzeko deia
Hainbat eskualdetan eta udalerritan mobilizazioak deitzen segituko duela esan du sindikatuak, besteren artean, Azpeitian. Gainera, lan baldintzak hobetzeko aurrerapausorik eman ezean, mobilizazio eta greba deialdiak egitea aztertuko duela ere esan du. Izan ere, sindikatuak esan duenez, langileen mobilizaziotik eta aktibaziotik soilik hobetuko dira lan baldintzak.
Datozen egunetan bukatuko dute sinadura bilketa, eta hurrengo urratsa horiek Eudelera eramatea izango dela adierazi du ELAk. Hain zuzen ere, ostegunean manifestazioa egingo du sindikatuak, 11:00etan, Bilbon; udaletxetik Eudelen egoitzara joango dira.