Landa eremuko lur sailak mugatzen eta digitalizatzen segituko du udalak

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 6a

Mugarri bat.

Iaz herriko hainbat poligonotako lursailak mugatu zituen eta eremu horietako mugarriei koordenadak eman zizkien udalak. Orain, 5., 11. eta 13. poligonoetako lurretan egingo ditu lanok. Lur horien jabeak bilerara deitu ditu erakundeak datorren ostegunerako.

Azpeitiko Udalak landa lurretako lursailak mugatzeko lanean segitzen du. Herriko 1, 2, 3, 4, 6, 7 eta 10 zenbakidun poligonoetan lan eginda, 5., 11. eta 13. poligonoetako lursailen mugak jasotzeari ekingo dio erakundeak, Geograma enpresaren laguntzarekin. Proiektuaren helburua da herriko landa lurretan egon daitezkeen mugen gaineko akats posibleak argitzea eta zuzentzea eta mugarriei GPS koordenatuak ematea.

Lur jabeek eta haien oinordekoek duten landa ondasunen gaineko ezagutza faltak edo ezjakintasunak mugak nahastea eta desagerraraztea eragin du, baita landa eremua ez zaintzea ere, eta udalak esan duenez, horrek ondorio larriak eragiten ditu ingurune naturalean. Horregatik ari da Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapeneko sailaren diru laguntzari esker, landa lurrak mugatzeko eta digitalizatzeko lanak egiten.

Iaz eginiko lanari jarraituz, herriko landa 1.022 hektareako azalera osatzen duten 522 lursail baino gehiago ari da mugatzen. Erakundeak azaldu duenez, esku artean duen erronka "oso garrantzitsua" da, landa lurraren hedadura handia delako. Beraz, iazko eta aurtengo lanak egin ostean, datorren urtean ekingo dio falta diren lurrak mugatzeari.

Bilera, datorren ostegunean

Mugatze eta digitalizazio lanak ondo egiteko, lurjabeen kolaborazioa "ezinbesteko baldintza" dela esan du udalak; izan ere, erakundearen hitzetan, auzokideen artean adostu behar dira lursailen mugak eta mugarriak. Gainera, lanok egin ostean markatutako mugak eta mugarrien koordenatuak ikus daitezkeen planoak emango dizkiete lurren jabeei, eta behar den kasuetan, katastroko mugak zuzendu.

Erakundeak zehaztu duenez, baina, borondatezkoa da prozesuan lur jabeen parte hartzea, eta argitu du lan hori egiteak ez diela gastu ekonomikorik eragingo. Dena den, horiek aldez aurretik mugak garbitu, mugarriak topatu eta mugakideekin mugak adostu beharko dituzte neurketa topografikoak egin ahal izateko.

Bestalde, udalak orain lanak egingo dituen poligonoetako landa lursailen jabe guztiak deitu ditu bilerara. Datorren ostegunean, azaroaren 13an izango da bilera udaletxeko bosgarren solairuan, eta bilkura horretan proiektuaren gaineko azalpenak emango dituzte. Erakundeak esan duenez, lur jabeek bilera deialdiari lotutako gutun bana jasoko dute etxeetan.

Azpeitiko lurrak poligonozka banatuta. (Azpeitiko Udala)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide