"Kontatu nahi genuen zer gertatu zitzaien bi fusilatu horiei, inor epaitu gabe"

Ane Insausti Barandiaran (Berria) 2025eko azaroaren 6a

Deñe Garcia-Bravo eta Mikel Balerdi Olaberrian, joan den ostiralean. (Gorka Rubio / Foku)

Bien artean zuzendu duten Eraman zutela dokumentalaren gainean elkarrizketa egin diete Berria egunkarian Deñe Garcia-Bravo urrestildarrari eta Mikel Balerdiri, Lekeitioko Euskal Zine Bileran Zilarrezko Antzara eta aipamen berezia lortu ondoren.

Alde batean Jesus Bujandaren eta Martzelo Lasaren omenezko plaka dago, eta, parean, haiei eskainita egin berri duten horma irudiak egiten die oihartzun. "Esaten digute ez ahazteko, hezurren gainean gabiltzala" dio horma irudiaren tarteko esaldiak. Urteak dira Olaberrian (Gipuzkoa) oroimen historikoari buruzko lanketa egiten ari direla, eta soka horri tiraka ondu zuten Mikel Balerdik (Olaberria, 2003) eta Deñe Garcia-Bravok (Azpeitia, Gipuzkoa, 2003) Eraman zutela izeneko dokumentala, Aztarna productions izenpean. Lekeitioko Euskal Zine Bileran (Bizkaia) Zilarrezko Antzara eta aipamen berezia lortu dituzte lan horregatik.

Bi sarirekin itzuli zarete Lekeitiotik. Nola hartu dituzue?

Mikel Balerdi: Ustekabe handia izan zen guretzat. Gonbidatuak izan ginen heinean, guretzako nahikoa sari bazen hori. Bertara joan eta sari batekin eta aipamen berezi batekin ateratzea kristoren plazera izan zen.

Deñe Garcia-Bravo: Gainera, aberasgarria izan zen zinema munduko beste sortzaileekin-eta izan genuen harremana.

Bi izen: Martzelo Lasa eta Jesus Bujanda. Nola izan zenuten haien berri?

Balerdi: Ni bertakoa naiz, baina Deñe eta biok aldi berean ezagutu genituen. Urte askoan egon da memoria historikoa lantzen duen Olargi taldea Olaberrian, eta, orain dela zortzi-bederatzi urte, ikerketa bat egiten hasi ziren fusilatuen inguruan. Gugana jo zuen Olargi taldean ibilitako batek, Bihotz Forcadak, gizonaren osaba zelako Martzelo Lasa. Istorio guztia azaldu zigun, eta esan kristoren material pila zutela, ikus-entzunezkoak, elkarrizketak eta, eta bideo laburpen bat egitea nahi zutela, sei minutukoa.

Hortaz, haiek sortutako materiala erabili duzue?

Garcia-Bravo: Zati batzuk haiek grabatutakoak dira, dokumentalean azaltzen diren pertsona batzuk jada hilda baitaude. Pasarte horiek estaltzeko erabili ditugu artxiboko irudi horiek, Olargi taldeak grabatu zituenak.

Balerdi: Eta ilustrazioak ere erabili ditugu, jendeak fusilaketen irudia ikusi ahal izateko.

Garcia-Bravo: Ondoren, elkarrizketak egin genizkien gaur egun oraindik elkarrizketatzeko moduan dauden familiartekoei.

(Irakurri elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide