Garazi Aranburu: "Hasieratik ikaragarri gustatu zitzaigun Utrecht"

Maialen Etxaniz 2025eko abenduaren 14a

Garazi Aranburu eta Julen Landa, Utrechten. (Utzitakoa)

Ikasketek eta gauza berriak probatzeko grinak eraman zituzten Garazi Aranburu eta Julen Landa Europan zehar bidaiatzera. Finlandian denbora bat egin ostean, Herbeheretara joan ziren. Gaur egun, Utrecht hirian bizi dira eta gustura daude hango egunerokoarekin. Azaroko Azpeitia Guka aldizkariko Hantxe bertan ataleko elkarrizketa da hau. 

Noiz eta nolatan iritsi zinen Utrechtera?

Beti esaten dugu patuak ekarri gintuela hona. Nik Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi nuen Bilbon, eta han egin nituen aurreneko hiru urteak. Laugarrengoan Erasmus programa probestu nuen, eta horrek eragin zidan jende eta gauza berriak ezagutzeko gogoa. Beraz, masterra Bartzelonan egitea erabaki nuen. Orduan piztu zitzaigun Juleni eta bioi atzerrian bizitzeko grina, eta Master Amaierako Lana kanpoan egitea erabaki nuen. Finlandiara joan ginen orduan, eta Julenek lana aurkitu zuen haren pasioa den bizikleten munduan. Hori dela eta, bertan gelditzea erabaki genuen; izan ere, ni dagoeneko ikasketak amaitzen ari nintzen. Azkenean, enpresa hark Herbehereetan jarduteko lan eskaintza egin zion Juleni, eta onartu egin zuen. Horrela iritsi ginen Utrechtera. 

Bion arteko abentura izateak erraztu egin al zuen hasiera?

Bai, esango nuke izan zuela eragina. Txikitan askoz ere etxekoiagoa nintzen, eta duela urte batzuk atzerrian biziko al nintzatekeen galdetu izan balidate, ez nukeen imajinatu ere egingo. Gerora egindako bidaiek, ordea, esperientzia berriak probatzera animatu gintuzten. 

Iritsi zinetenean, gustatu al zitzaizuen topatutakoa?

Egia esan, sorpresa oso ona izan zen. Izan ere, aurrez egonda nengoen Herbehereetan, ikasbidaian Amsterdamera joan baikinen, baina hango irudipen onik ez neukan. Utrecht, ordea, bestelakoa da. Hiri txikiagoa da, jendea gertukoagoa, nederlandera asko entzuten da kalean; ikaragarri gustatu zitzaigun lehen egunetik. Euskal Herriarekin alderatuta oso desberdina da, esaterako, etxeen egiturei edota ibaien kanalei erreparatuta, baina oso ederra da. 

Nolakoa da egunerokoa hor?

Astean zehar guztiok gure errutinan bizi gara, baina Euskal Herriko bizi ereduaren oso bestelakoa da hemengoa. Jatorduak, esaterako, oso desberdinak dira: 12:00etan bazkaltzen dute eta 18:00etan afaldu. Horretara moldatzen dira zerbitzuak, jatetxeak eta bestelakoak, baita kaleko bizitza ere. Dena den, kaleko giroa Euskal Herrian baino goizago apaltzen den arren, hemen badago kalean egoteko kultura, Europako beste zenbait lekutan ez bezala. 

Zer da gehien atsegin duzuena? 

Jendea oso irekia eta jatorra da, eta hori asko gustatu zaigu. Baliteke hizkuntza berrietara moldatzeko jarrera ona dutelako izatea; izan ere, komunikatzeko orduan berdin zaie nederlandera edo ingelesa erabili, ondo baino hobeto moldatzen baitira ingelesez. Beraz, bertako bizilagunek kanpoko jendearekin hitz egiteko prestutasun handia dute. Edonorekin komunikatzeko libre sentitzen gara. 

Eta zer gustatu zaizue gutxien? 

Betiko erantzuna dela emango du akaso, baina bertako gastronomia da gutxien atsegin duguna. Zaila da munduan zehar Euskal Herriko jatekoaren parekoa topatzea, baina hemen ez diote garrantzirik ematen gastronomiari. Saltoki handietan denetarik egoten da, baina kulturalki gastronomiak leku gutxi dauka.

Zer ekarriko zenukete hortik Azpeitira?

Bizikleten bueltan dagoen kultura. Herrialdea bizikleten beharretara oso egokituta dago, baita hiriak ere: bizikleten erreiak eta semaforoak daude, esaterako. Jendeak bizikletan ibiltzeko ohitura nahiz segurtasuna dazuka, eta oso ohitura polita da hori. 

Betirako hor gelditzea aukera bat al da?

Ez dut uste. Ez gara denbora luzerako planak egitearen aldekoak, baina Euskal Herria oso maitea dugu zentzu askotan, eta euskara da gure hizkuntza. Ziurrenik noizbait itzuliko gara. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide