Gipuzkoako Elikagai Bankuak asteburu honetan egingo du elikagaien udazkeneko bilketa handia, eta Azpeitian ere izango da ekarpena egiteko aukera.
Hain zuzen ere, gaur eta bihar, goizez eta arratsaldez, herriko bost saltokitan egongo dira bilketan lagunduko duten boluntarioak: Sanjuandegiko, Joan XXIII.eko eta 1766ko Matxinada kaleko Eroski supermekatuetan, Foru Ibilbideko BMn eta Sanjuandegiko Coviranen.
Aurten aurreratu egin du Elikagai Bankuak urte amaiera aldera urtero egin ohi duen bilketa, biltegia aurrekoetan baino arinago hustu zaielako. Gaur eta bihar egingo duten elikagaien bilketan, ekarpenak egiteko bi modu izango dituzte herritarrek: iraungitze data luzea duten produktuak dohaintzan emanez –lekaleak, arroza edota pasta, adibidez–, edota Elikagai Bankuak atera dituen bonuak erosiz, elkarteak aurrerago beharra ikusten duenean produktu freskoak ere eros ditzan.
Elikagai Bankuaren arduradunek emandako datuen arabera, aurten, 70.000 lagunek jo dute berengana Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iaz, tona eta erdi janari bildu zuten udazkeneko kanpainan, eta kopuruak handia badirudi ere, martxorako Gipuzkoako biltoki asko hutsik zeudela jakinarazi dute. Horregatik, "dohaintza egitera animatu" dituzte herritarrak elikagai bankuetakoek.
"Urtetik urtera lehenago egiten du Elikagai Bankuak bilketa handia, eta aurreratzeko erabakia ez da ausazkoa, bankuaren biltegia gero eta azkarrago husten baita urtetik urtera. Zerbitzuaren beharra duen herritarren kopuruak behera egin badu ere, prezioen igoera orokorrak eragin handia izan du biltegien huste azkarrean", azaldu dute.