Azaroaren 15ean Euskal Selekzioaren elastikoa jantziko duten 22 jokalarien artean izango dira Jon Guridi (Azpeitia, 1995) eta Unai Marrero (Azpeitia, 2001). Gaur, larunbata, jakinarazi du Jagoba Arrasate hautatzaileak egun horretan Palestinaren aurkako lagunartekoan lehiatzeko aukeratu dituen jokalarien zerrenda.
Arabako Alaves taldean jokatzen du gaur egun Jon Guridi 30 urteko erdilariak, eta Realean 24 urte dituen Unai Marrerok. Alabaina, ez dira izango Euskal Selekzioaren lantaldeko azpeitiar bakarrak, entrenatzailearen laguntzaile lanak egingo baititu Mikel Labakak egun horretan.
Azpeitiko futbolariekin batera, honako jokalari hauek deitu dituzte azaroaren 15eko partidarako: Aitor Fernandez (Osasuna), Andoni Gorosabel (Athletic), Alvaro Nuñez (Elx), Aritz Elustondo (Reala), Unai Garcia (Panetolikos), Iñigo Lekue (Athletic), Igor Zubeldia (Reala), Unai Elgezabal (Levante) Aihen Muñoz (Reala), Jon Gorrotxategi (Reala), Oier Zarraga (Udinese), Ander Gebara (Alaves), Hugo Rincon (Girona), Jon Guridi (Alaves), Mikel Jauregizar (Athletic), Iñigo Ruiz de Galarreta (Athletic), Kike Barja (Osasuna), Nico Serrano (Athletic), Ivan Martin (Girona), Gorka Guruzeta (Athletic) eta Borja Sainz (Porto).