Cacereskoak baino gehiago izan dira ISBkoak

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 10a

Skylar Van pibota, uztaipean. (Mikel Amenabar 'Otola')

Bost porroteko bolada ixteko, Domusa Teknik ISBk Alter Enersun Al-Qazeres Extremadura hartu zuen mendean zapatuan (75-66). Gizonek, berriz, Ierai Aizpitartek azken unean lortutako hiruko bati esker lortu zuen garaipena. Asteburuko albiste txarra Jordan Jermainek eman du, hark min hartu baitzuen herenegun jokatutako partidan.

Iraurgi Saskibaloiaren lehen taldeek garaipen bana batu dute asteburuan. Cacereseko (Espainia) saskibaloi taldeen aurka jokatu dute bai Domusa Teknik ISBk, bai Biele ISBk, eta biek lortu dute puntua pilatzea. Emakumeek Alter Enersun Al-Qazeres Extremadura taldearen bisita jaso zuten zapatuan, Azkoitiko Elkargunean, eta Luis Agirre Katxi entrenatzaileak zuzendutako taldeak 75-66 irabazi zuen. Gizonek, berriz, partidaren hondarrean lortutako hiruko saskiratze bati esker lortu zuten garaipena Caceresen (Espainia); 84-85 irabazi zuen Iñigo Nuñezen taldeak.

Domusa Teknik ISBk bost partidako zulo beltza atzean uztea lortu du. Nolanahi ere, partida zehaztasun gutxirekin hasi zuten bi taldeek. Bai etxekoek, bai bisitariek, trantsizioan egin nahi izan zioten min aurkariari, eta hala, baloi asko galdu zituzten. Dena den, jaurtiketetan finago aritu ziren bisitariak aurreneko minutuetan, eta haiek lortu zuten markagailuan lehen errenta. Ordea, poliki-poliki akatsak zuzentzen hasi ziren bi taldeak, martxa bat motelago jokatzen. ISBkoek, gainera, laguntzak hobeto eskaini zizkieten beren taldekideei defentsan, eta erasoan, baloia garbiago zirkulatu zuten. Modu horretan lortu zuten otsoek aurkariaren uztairako bidea errazago aurkitzea. Hala eta guztiz ere, hasi bezala amaitu zuten laurdena bi taldeek, joan-etorrikoa bihurtu baitzen lehia amaieran.

Bigarren laurdenaren hasieran defentsan nabarmendu ziren bi taldeak. Bisitariek kanpoko jaurtiketetan ere asmatu zuten, ordea, eta hiru minutu jokatuta zirela, bederatzi puntura urrundu ziren (17-26). ISBren erreakzio txiki bat iritsi zen orduan, baina bisitariek berehala erantzun zuten; intentsitate puntu bat gehiago erakutsita, zortzi puntura aldendu ziren berriro. Dena den, kostatu egin zitzaien haiei erritmo horri eustea, eta Katxirenek une hori baliatu zuten egoerari buelta ematen hasteko. Atsedenaldira puntu bat atzetik iritsi ziren otsoak (37-38).

Atsedenaldiaren hasierara arte itxaron behar izan zuten ISBko zaleek beren taldea markagailuan aurretik ikusteko. Indartsu ekin zioten lehiari otsoek; bolada kaskarra eteteko asmoa zutela erakutsi zuten kantxan. Minutu batzuetan aurretik eta beste batzuetan atzetik ibili eta gero, laurdenaren erdialdean lortu zuen ISBk aldea gotortzea; defentsan lan ona egin zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak. Bisitariek ere zail jarri zieten ISBkoei erasoko lana, haiek ere sendo azaldu baitziren beren uztaipean. Halere, laurdena amaitzeko bi minuturen faltan lortu zuten Katxirenek oreka haustea; 10-1eko partzial bati esker, hamabi puntura urrundu ziren (63-51).

Defentsan hortzak estutu zituzten bisitariek azken laurdenaren hasieran, ISBri ihes egitea galaraziz. Hala ere, Cacereskoek ez zuten defentsako lana erasoan saritzeko modurik aurkitu; aldea zeharo gutxi murriztu zuten. Dena den, haiek ez ziren erraz errenditu, amaierarako minutu eta erdiren faltan bost puntura hurbildu baitziren. Azken segundoetan ISBk ondo itxi zuen defentsa, errebotean nagusitu egin ziren, eta kontraerasoa ondo antolatuz, partida garaipenarekin itxi zuten.

Skylar Van izan zen ISBko jokalari onena; hark hemeretzi puntu saskiratu zituen 21 puntuko balorazioa lortzeko. Aste honetan ez dute partidarik jokatuko otsoek, atseden hartuko dute. Hilaren 22an, larunbatez, berriro etxean arituko dira, Sernova Renovables Real Canoe izango dute-eta arerio (18:00); gaur-gaurkoz, garaipen bakarra bildu duen arerioa izango dute aurrean ISBkoek.

Balio handiko garaipena

Gizonen Biele ISB taldeak, bestalde, urre koloreko garaipena lortu zuen Caceresen (Espainia). Iñigo Nuñezen taldeak Ierai Aizpitartek azken segundoetan lortutako hiruko saskiratze bati esker lortu zuen Caceres Patrimonio de la Humanidad taldea mendean hartzea (84-85).

Hiruko lerrotik asko asmatuz ekin zion ISBko partidari. Adria Moncanutek hiru hiruko sartu zituen lehen bost minutuetan, eta hala, 5-13 jarri zen aurretik Azkoiti-Azpeitiko taldea. Defentsako errebotean nagusi eta anabasan eroso, tarte ederra zabaldu zuten otsoek. Emaitzarena berri ona bazen ere, taldeko pieza garrantzitsuena den Jordan Jermainen lesioak garraztu zuen demaren hasiera. Bigarren laurdenean, berriz, sotilago aurkeztu zuen bere burua ISBk. Nahasteak meritu handiko ekintzekin txandakatu zituzten bi taldeek, baina Cacesreskoak nagusi atera ziren egoera horretatik. Atsedenaldira bost puntuko errentarekin jo zuten haiek (42-37).

Aldageletatik igaro ondoren, etxeko taldea markagailuan ihes egitetik gertu izan zen (49-40), baina ez zuten lortu. ISBk presio lan ona egin zuen defentsan, eta hala, baloi dezente galdu zituzten etxekoek. Erasoko errebotean ere Azkoiti-Azpeitiko taldea nagusitu zen, eta ondorioz, berriz ere partidan sartu zen; urruneko jaurtiketetan asmatuta eta defentsan maila txukuna eginda eutsi zioten demari otsoek (59-56).

Azken laurdenean ere gertutik jarraitu zion Azkoiti-Azpeitiko taldeak Cacereskoari, eta une erabakigarrienean min egiten asmatu zuen. Amaitzeko minutua falta zenean, hiru puntu goitik jarri ziren etxekoak (83-80), baina ISBk erantzun egin zuen, bereziki, Aizpitarteren eskutik. Hark bi jaurtiketa libre asmatuta puntu bakar batera hurbildu zuen bere taldea (83-82); ondoren, jaurtiketa libre bakarra asmatu zuten etxekoek (84-82); eta azkenik, errebote horren segidako jokaldian hautsi zuen lehia ISBk, Aizpitartek egindako hirukoari esker (84-85). 

27 puntu saskiratu zituen Azpeitiko joko antolatzaileak, baina taldeko jokalari onena Moncanut izan zen, hogei puntuko balorazioa lortuta. Igandean, hilak 16, CB Toledo Basket taldearen aurka jokatuko dute Nuñezenek zazpigarren jardunaldiko partida Azpeitiko kiroldegian (18:00).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide