Gizonentzat saria eta emakumeentzat zigorra

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 10a

Jon Sorazu 1-2koa egiten, joan den zapatuan, Reala C-Lagun Onak partidan. (Lagun Onak)

Reala C-ri 1-4 irabazita, Hirugarren Mailan sailkapenaren bigarren tokira igo da Lagun Onak. Ohorezko Erregional Mailako taldeak, aldiz, 2-1 galdu du Urolaren zelaian.

Etxetik kanpo aritu dira Lagun Onak futbol klubaren bi talde nagusiak asteburuan, eta emaitza kontrajarriekin itzuli dira Azpeitira.

Espainiako Hirugarren Mailan, etxean jokatutako aurreko bi neurketen ildo beretik jarraitu, eta erreskadan hirugarren garaipena eskuratu du Lagun Onakek, Real C Zubietan 1-4 mendean hartuta. Denboraldiko orain arteko partidarik onena jokatu zuten Jose Luis Riberaren taldekoek joan den zapatuan, hasierako hamaikakoan sei azpeitiar zelairatuta. Hala ere, hasierak ez zuen erakutsi nolako bukaera izango zuen partidak, 4. minutuan Aritz Amenabarrek bere atean egin baitzuen gola (1-0). Baina zorte txarrak eta kontrako emaitzak ez zuten kikildu Lagun Onak. Jokoaren lemari eutsita, hasieratik bukaerara nagusi izan zen Azpeitiko taldea, Bastidaren atean minik egin ezinda aritu ziren txuri-urdinen aurrean. Ez zen berehalakoan iritsi jardun onaren saria, baina iritsi zen. 25. minutuan, neurketan erabakiorra izango zen jokaldia gertatu zen: Realaren atezaina baloia eskuekin hartzen saiatu zen area ertzean, baina Jon Sorazu bizkorrago ibili zen, baloia kendu zion, eta atezainak lurrera bota zuen Lagun Onaken aurrelaria: Lagun Onaken alde penaltia adierazi eta etxekoen atezainari txartel gorria erakutsi zion epaileak; markagailuan berdinketa ezartzeko gola egin zuen penaltitik Unax Odriozolak (1-1), eta hamar jokalarirekin gelditu zen Reala. Ordura arte zelaian nagusi izaten ari bazen, handik aurrera erakustaldia eskaini zuen Lagun Onakek. Bigarren zatiko bigarren laurdenean egin zituzten Riberarenek partida erabaki zuten hiru golak: Sorazu (1-2, 60. minutuan), Jagoba Erdozia (1-3, 65. min.) eta Unax Odriozola, berriro (1-4, 75. min.), izan ziren goleatzaileak. Neurketaren azken laurdenean ere izan zituen gol aukerak Azpeitiko taldeak, baina 1-4koarekin bukatu zuten erakustaldia.

Erakustaldiarekin eta aise irabazita, sailkapeneko bigarren postura igotzeko ere balio izan dio Lagun Onaki hamargarren jardunaldiko emaitzak. Ligako lehen zatian koskarekin aurretik dabil Portugalete, 25 punturekin, eta sei punturen barruan daude Bizkaiko taldearen atzetik dauden hamabi taldek. Multzo handi horren buruan dago orain Lagun Onak, 18 punturekin. Datorren igandean, Garmendipen, Santurtziren kontra jokatuko du Riberaren taldeak (17:00).

Gehiegizko zigorra

Emaitza eta sentipen eskasagoarekin itzuli ziren etxera Lagun Onakeko emakumeen talde nagusikoak Zumarragatik.

2-1 galdu zuen Aitor Zubizarretak eta Iñigo Segurolak gidatutako taldeak Urolaren kontra, nahiz eta puntu bat urratzeko adina meritu behintzat egin. Partida sentsazio onekin hasi arren, berehala aldatu ziren kontuak Azpeitikoentzat. 6. minutuan, Lagun Onakekoen huts egite bat baliatuz, egin zuten lehen gola etxekoek. Eta, Zubietako neurketan ez bezala, Argixaokoan hasierak erakusti zuen bukaera nolakoa izango zen, Azpeitikoak neurketaren zati handienean hobeak izan ziren arren. Izan ere, kolpe goiztiarrari aurre egiten jakin zuen Lagun Onakek; baloiaren eta jokoaren jabe egin zen, eta 19. minutuan lortu zuen berdinketaren gola: Malen Zabalak ateratako kornerrean, buruz bidali zuen baloia sare barrura Joane Korta kapitain eta pitxitxiak. Berdinketarekin konformatu beharrean, garaipenaren bila aritu zen Lagun Onak; gol aukerak ere izan zituen lehen zatian, baina berdinketa hautsi gabe iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian berdin jarraitu zuten Azpeitikoek, baina beste huts egite batek kondenatu zituen: ateko sake batean baloia gaizki jo, aurkariaren oinetan utzi, eta horrela egin zuten Urolakoek 2-1ekoa, 76. minutuan. Bigarren kolpe horrek gogorrago erasan zuen Lagun Onak; bigarrenez partida berdintzen ahalegindu ziren, baina presaka eta nahas-mahasean aritu zen azken minutuetan Zubizarretaren eta Segurolaren emakumeak.

Urolak aurrera hartu dio Lagun Onaki sailkapenean; zortzi jardunaldi jokatuta, hamabigarren tokian daude azpeitiarrak beren 11 puntuekin. Datorren asteburuan, Garmendipen, Landetxa hartuko du Azpeitiko taldeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide