Hemeretzi odol emaileri egingo diete aitortza zapatuan Sanagustinen

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 10a

Odol emaileen iazko diploma banaketaren ondorengo taldeko argazkia. (Julene Frantzesena)

Azaroaren 15ean eguerdian egingo du Azpeitiko ordezkaritzak aurtengo ekitaldia. Odola 25 aldiz eman duten zazpi herritarrek, 40 aldiz eman duen batek, 50 aldiz eman duten zortzik, 60 aldiz eman duten bik eta ehun aldiz eman duen batek jasoko dituzte diplomak.

Gipuzkoako odol emaileen elkarteko Azpeitiko ordezkaritzak datorren zapatuan, azaroaren 15ean, egingo du aurtengo aitortza ekitaldia, 25 bider baino gehiagotan odola eman duten herritarren ekarpena aitortzeko eta goratzeko.

Aurten ere Sanagustin kulturgunean egin dute hitzordua, 12:00etan. Denera, hemeretzi herritarri emango dizkiete aurten dagozkien diplomak, iaz baino bat gehiagori: odola 25 aldiz eman duten zazpi herritarri, 40 aldiz eman duen bati, 50 aldiz eman duten zortziri, 60 aldiz eman duten biri eta ehun aldiz eman duen bati egingo diete, hain zuzen, aitortza.

Ohi dutenez, urteroko ospakizun giroan egingo dute ekitaldia. Horrela, diplomak banatu ondoren, ekitaldira joandako guztiek mokaduaz gozatzeko aukera izango dute Sanagustinen bertan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide