Bertako hosto eta hazien bilduma ikusgai dago Betharramen

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 11

Herritar bat hostoen eta hazien bildumaren erakusketan, atzo. (Mailo OIarzabal)

Eskualdean jasotako 165 espezieren laginak eta horiei buruzko informazioa jarri dituzte Kepa Zabalegik eta Eli Alkortak, Urola Bizirikek antolatutako erakusketan. Zapatura arte ikus daiteke, astegunetan arratsaldez eta zapatuan eguerdi partean.

Kerpa Zabaleg zarauztarrak eta Eli Alkorta iraetarrak Zarautz eta Azkoitia artean jasotako 165 landare espezieren hostoak eta haziak zein bakoitzaren gaineko informazioa ikusgai daude atzo arratsaldea ezkeroztik Betharrameko udal erakusketa aretoan.

Zestoan eta Azkoitian erakutsi ondoren, Azpeitian jarri dute orain Bertako hosto eta hazien bilduma, Urola Bizirik taldeak antolatutako erakusketan. "Denetarik daukagu inguruotan: kanpoko espezieak, inbaditzaileak, eta autoktonoak ere bai, baina gero eta gutxiago", zioen Zabalegik joan den urri bukaeran, erakusketa bera Azkoitian jarri zutenean Gukak eginiko elkarrizketan.

Azpeitian, sei egunez izango da ikusgai bertako hazien eta hostoen erakusketa, datorren zapatura arte, hain zuzen. Ostirala bitartean, astegunetako ordutegian irekiko dute, 18:00etatik 20:00etara; eta zapatuan, eguerdi partean, 12:00etatik 14:00etara.

Hona hemen, Betharramen jarri duten erakusketaren beste pare bat irudi:

Erlazionatuak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide