Udako martxa jaitsita, udazkenarekin sasoi lasaiagoa hasten da Mikel Gorrotxategi Alabier (Azpeitia, 1980) pandero jotzailearentzat. Hala ere, ia beti Iosu Arrizabalaga Izer-ekin trikitilari bikotea osatuta, urte guztian ibiltzen da auzoetako eta herrietako plazak dantzan jartzen. Urteak dira Getarian bizi dela, baina egunero egiten du joan-etorria Azpeitira, tailerrera lanera.
Bizitza erdia baino gehiago daramazu panderoa jotzen. Jada zeure parte izango da, ala?
Bai, panderoa motxila bat bezala da niretzat. Izan ere, gazte-gaztetan hasi nintzen pandero jotzaile, eta beti hortxe ibili naiz. Panderoarekin nahikoa eginda nengoela eta, batere gabe bizitzeko tentazioa izan izan dut, eta probatu ere egin nuen. Pandemia etorri zenean, zera esan nuen: "Oraintxe probatuko dugu ba panderorik gabe bizitzen; ea panderorik gabe zer bizitza dagoen eta zer egin daitekeen". Aurreneko hilabetean-eta ondo, lasai-lasai egon nintzen: "Hauxe ederra", esanez. Behin urte erdia pasatu zenean, baina, zerbait falta nuela sentitzen hasi nintzen, eta Izerrek eta biok erabaki genuen hobe izango genuela berriro plazara bueltatzea.
Loari orduak kentzea eragin arren, falta sumatu zenuen, beraz?
Bai, panderoaren falta sentitu nuen. Bat eta beste, azkenean, bi urteko geldialdia egin genuen plazetan, eta berriz hasteko desiatzen geunden.
Beti jo izan al duzu panderoa? Inoiz ez al duzu izan soinuarekin hasteko tentaziorik?
Etxean hasi nintzen pixka bat soinua ikasten, baina utzi egin nuen. Garai hartan, anaia hasi zen soinua ikasten, baina hark utzi egin ziola eta, nik ekin nion jardunari. Dena den, nik ere segituan utzi nuen, ikasteko asko jardun behar den instrumentua delako.
Noiz eta nolatan hasi zinen panderoa jotzen?
Arrate Irratia beti martxan izaten zen etxean, eta beti trikitia entzuten genuen. Familian trikitia entzuteko eta erromerietara joateko afizioa bazen, baina panderoa-eta jotzen jarduteko afizio handirik ez. Jaunartzerako, 9 urterekin, eskatu nuen panderoa, eta oparitu egin zidaten. Gero, [Ramon Zubizarreta] Landakandarekin hasi nintzen ikasten, eta Izer aitarekin [Manuel Arrizabalaga] ere beste pixka bat ikasi nuen. Bateriarekin ere jardun nuen apur bat; izan zen jazbanaren bolada bat, baina orduan ez zegoen bateria jotzen zuen inor askorik. Dena den, bateria ere utzi egin nuen, berriro lehengora jotzeko, hau da, soinuaren eta panderoaren formatura.
Akordatzen al zara lehenengoz panderoa plazan jo zenuenekoaz?
Ez dut gogoan. Kalejirak egiten-eta hasi ginela akordatzen naiz, baina zein plaza egin genuen aurrena, ideiarik ez. Soinu handia jotzen zuen Bixente Alberdirekin hasi nintzen, eta gero Imanol Agirrerekin ere jardun nuen; biak azpeitiarrak. Baina zehatz zein lekutan jardun genuen ez daukat aztarranik.
Izerrekin noiz eta nolatan hasi zinen?
Azpeitian OHO [gaztelaniaz EGB] bukatu nuenean, Azkoitira joan nintzen lanbide heziketara, eta han elkartu ginen Izer eta biok. Hura Lajarenean ibilitakoa zen soinua ikasten, eta ni Lajarenean baina Landakandarekin panderoa ikasten. Elkarrekin trikitia jotzen aurrenekoz eskolatik irten genuen, santa eskean, gainontzeko gelakideekin batera. Ondoren, Arrate Irratian grabazioa egin genuen. EITBren trikiti txapelketetan ere hasi ginen parte hartzen, eta azkenean, 25 urte baino gehiago elkarrekin eginda, gaur arte.
Txapelketarik irabazi al zenuten?
Ez, berdinketak-eta izan genituen, baina beti bigarren egiten genuen. Ez gara txapelketa zaleak izan eta ez gara horretarako inoiz prestatu; txapelketei ez diegu halako garrantzirik eman.
Erromeria plazetan bikote beteranoenetakoa da Izer eta Alabier, ezta?
Hori da ni kezkatzen nauen gauzetako bat. Erromeria plazetan gabiltzan trikitilarien artean gazteenetakoak gara; lau bat bikote gabiltza, eta gazteenak geu gara. Badira beste pare bat bikote gazteagoak direnak: Elizagoien ahizpa nafarrak hor dabiltza, eta [Xabier Alberdi] Zabaleren semea ere hasi da pixka bat martxan. Dena den, errelebo horren zain gaude.
Erreleboa izatea zaila ikusten al duzue?
Bai, plazaz plaza eta jairik jai ibiltzea polita da alde batetik, baina bestetik, lotura handia da; izan ere, beti ezordutan ibiltzen gara, jaiegunetan... Denak festan dabiltzanean, guk lanean jardun behar izaten dugu, eta nik uste dut gaur egungo gazteak ez daudela sufritzen gozarazteko prest.
Zein da Izerrek eta biok elkarrekin hainbeste urte egiteko gakoa?
Egia esan, elkarrekin hainbeste urte egin dituzten bikote gutxi egongo dira, oso gutxi. Gauza asko elkarbanatu behar izaten dira, ordu asko elkarrekin pasatu, eta etxeko arazoak ere hor izaten dira, baita momentuan gertatzen direnak ere, izan onak edo txarrak. Zaila da hori guztia hainbeste urtean ondo eramaten asmatzea.
Honezkero elkar ederki ezagutuko duzue, ezta?
Oso ondo. Elkarri begiratze hutsarekin jakiten dugu zeinek zer esan behar duen.
Bat azkoitiarra eta bestea azpeitiarra.
Oraindik ere, norabaitera joaten garenean aipatzen digute hori. Guk inoiz ez diogu inportantziarik eman horri, baina jende askok aipatzen digu bata azpeitiarra eta bestea azkoitiarra izanda nola gabiltzan hainbeste urtean elkarrekin.
Izer eta Alabierren 25. urtemuga ospatu al zenuten?
Ez, egia esanda, ez. Planteatu genuen Josu eta Mikel izenarekin aritzea urte hartan, baina akordatzerako pasatu zen denbora. Askok ez dute gure izenen berririk; askok pentsatzen dute gure abizenak direla Izer eta Alabier. Behin elkarri esan genion Josu eta Mikel izenarekin egin behar genuela bolada bat, baina pasatu zen urte hura eta ez dugu ezer egin. Behin, zera pasatu zitzaigun Lazkaon: festetako egitarauan jarri zuten Josu eta Mikel trikitilariak ariko zirela, eta jendea zeharo harritu zen, ez zekielako zein trikitilari ziren haiek; izan ere, urtero Izer eta Alabier aritzen ziren han. Polita izan zen, eguna iritsi eta herritarrek gu ginela jakin zuten unea.
Nola moldatzen zarete kantuak egiteko?
Batik bat pieza zaharrak jotzen ditugu, herrikoiak, ezagunak direnak. Gehien eta ondoen horiek funtzionatzen dute, gure kasuan behintzat. Izerrek ere sortzen ditu kantuak, horretarako nahiko abildade badu, eta hitzetako asko ere harenak dira, baina beste batzuk bertsolariei eskatzen dizkiegu, hala nola [Xebastian] Lizasori, [Aitor] Mendiluzeri...
Kantuan orokorrean pandero jotzaileak aritzen dira, ezta?
Guk biok kantatzen dugu, eta horrek asko janzten du pieza. Izerri ere gustatu egiten zaio kantatzea, eta biok kantatuta piezak irabazi egiten du.
Ba al daukazue diskorik?
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak ateratako diskoetan parte hartutakoak gara, Faborez eta Geure kolkotik izenekoetan, baina disko propiorik ez dugu kaleratu. Beti ibili izan gara zerbait egitekotan, baina pauso hori ez dugu ematen, eta egia esanda, Izerri ez diot ezertan laguntzen. Izerrek badu disko baterako bezainbeste material, baina beti hortxe geratzen gara. Hori bai, jende askok eskatu izan digu. Egia esan, polita izango litzateke biok diskoren bat kaleratzea, baina beharrik ere ez dugu ikusi, eta egunerokotasunean murgilduta ibili gara eguna joan eta eguna etorri.
Aurtengo Aristerrazuko erromerien denboraldia zuek hasi zenuten eta Zelatungoak zuekin bukatu ziren. Beti horrela izaten al da?
Erromerietako hitzorduak eta lekuak antzekoak izaten ditugu urtero. Asteburu bakoitza baino lehenago jakiten dugu non izango garen, eta puzzlea osatzen saiatzen gara, baina azkena edo aurrena izateari ez diogu garrantzirik ematen.
Gaur egun erromeriarako bi plaza garrantzitsu dira horiek, eta hitzorduak iragartzerakoan zuen izena ere aipatzen dute.
Bai, aurrenak edo azkenak izanik, gure izenak aipatu egiten dituzte iragartzerakoan, baina beno... Zelatungoari mendi erromeria esaten diogu guk; izan ere, mendi-mendian izaten da, eta eguraldi ona egiten duenean, ordu mordo batez jo behar izaten dugu. Egia esan, erromeria ona eta jende askokoa izaten da. Eguraldi txarra egiten duenean, dena den, onena izatea zeukana txarrena bilakatzen da Zelatunen; txabola barruan jo behar izaten dugu, jenderik gabe. Aristerrazuko erromeriak are hobeak izaten dira eguraldi ona egiten baldin badu, jendeak dantza egingo duela bermatuta izaten delako han. Izugarrizko indarra ari da hartzen Aristerrazuko erromeria, eta gazte asko biltzen da.
Jendea plazan dantzan aritzea garrantzitsua al da trikitilariontzat?
Jendea plazan dantzan ikusteak beste energia bat ematen digu trikitilarioi. Beti egoten gara jendea zertarako gogoz dagoen jakiteko adi: dantza solterako ala loturako. Plazan dagoen jendearen araberako errepertorioa jotzen dugu, eta bietarako baldin badago, bietatik eskaintzen dugu; lotutik pixka bat eta soltetik beste pixka bat.
Jendeak piezak eskatzen al ditu?
Eskatu ere egiten dituzte, baina normalean ezagutzen dugu erromeriara joaten den jendea, eta badakigu bakoitzari zer gustatzen zaion. Jendea astero hara eta hona ibiltzen da plazetan, gurekin batera, eta badakigu horiek zer nahi duten.
Jarraitzaileak ere ba al dituzue?
Bai, bai. Baina ez dira gure jarraitzaileak soilik; erromeria zaleak dira.
Izerrekin ez ezik, beste bikotekide batzuekin ere ibili izan zara plazetan.
Bixente Alberdirekin eta Imanol Agirrerekin aritu nintzen hasieran, eta gero, Saioa Lizarralderekin ere bai –Izer eta biekin batera–, baita Joxe Luis [Garmendia] Laja-rekin ere. Izerrek ezin duenean aritzen naiz Joxe Luisekin, baita Imanol Astiazaranekin ere. Elkarrekin badugu halako elkarlan bat, beti ondo etortzen zaiguna. Izan ere, beti ez gara libre egoten, eta zerbait gertatuta ere, batak besteari laguntzen diogu.
Trikitilariontzako asko aldatu al dira plazak?
Lehengo aldean ondo dago orain plaza. Baxualdi bat izan zuten erromeriek, baina orain solterako grina dago; jende gazteak dantza soltea egin nahi du behin eta berriro, neska eta mutil ikaragarri daude soltean egiteko desiatzen. Ez da Aristerrazuko kontua bakarrik, festatik festara ere ibiltzen da jendea erromerietan, eta plazak egoera onean daude.
Herri handietako festetan ez dituzte trikitilarien emanaldiak programatzen. Badirudi auzoetarako edota herri txikietarako zaretela trikitilariok aproposak.
Herri handietan talde handien aldeko apustua egiten dute, baina gu ere ez gara herri handietan eta plaza handietan jarduteko zaleak. Guk nahiago izaten dugu formatu txikian aritzea, auzoetan eta herri txikietan jardutea, alegia.
Zerk eragin du erromerien gorakada?
Pandemia garaian, etxetik eta Internet bidez Aristerrazuko erromeriak egiten hasi ginen. Astero jende pila bat konektatzen zela ikusten genuen, eta horietako asko gazteak zirela. Aristerrazu non zegoen ere ez zekien jendeak, baina izen horrekin egiten genuen saioa online. Horrek erromerien suspertzea ekarri zuen. Orain, dantza loturako grina gutxi dute gazteek, solterako daude.
Jendeak ba al daki dantzan?
Bai, bai. Batzuk eskolan ikasitakoak dira, eta besteak beren kasa trebatutakoak, baina erromerian ez dakiena ere hasi egiten da dantzan; jendeak dantza egin egiten du.
Azkarregi edo makalegi jotzen duzue? Nolako fama daukazue?
Azkar jotzen dugun fama daukagu. Dantza eskoletako ikasleak poliki aritzera ohituta daude; ikasten dituzten pauso horiek, txapelketetakoak, sartu nahi izaten dituzte batzuetan, eta halakoetan ez gara ondo uztartzen. Gu azkar eta pieza motzak jotzekoak gara, bixi-bixi aritzekoak.
Urteak dauzkan egunak adina erromeria egindakoa al zara urteren batean?
365? Ez. Baina urteak adina asteburu egindakoa, bai. Ehun plaza egindako urteak baditugu, baina hortik gora, ez. Gaur egun, 70 bat-edo egingo ditugu, eta nahikoa dira; badira plaza batzuk. Izan ere, erromeriez haratago, biok tailerrera joaten gara lanera.
Batik bat herri txikietan eta auzoetan jotzen duzuela esan duzu. Auzoetako festak galtzen ari direla eta gainbeheran doazela esan ohi da. Hori antzeman al duzue zuek?
Ikusi dugu hori, bai. Betiko jendea ibili ohi da urtez urte festak antolatzen, eta asko nekatuta daude ja. Beren auzoko festetan lana egitea egokitzen zaie horiei, eta lehen hiru festa egun antolatzen bazituzten, orain bat edo bi egiten dituzte. Alde horretatik, jaisten ari da auzoetako festen kontua. Gainera, gero eta laguntza gutxiago dituzte eta exijentziak gehitzen ari zaizkie. Begiratu eta zaindu beharreko kontua dela uste dut, hala egin ezean galdu egingo direlako, eta behin galdutakoan, zaila izango da berreskuratzea.
Plaza huts batean jardun al duzue inoiz?
Ez, eta plazarako jenderik ez dagoela ikusten baldin badugu, bukatu egiten dugu. Halakoetan, oholtzatik jaitsi eta elkartera edo jendea dagoen tokira joaten gara jotzera. Horretan, zorte onekoak izan gara, eta geuk ere hartua diogu tamaina.
Zer ingurutan ibiltzen zarete gehien?
Gipuzkoan, eta Azpeititik ordu erdira toki askotan: Aian, Asteasun, Zarautzen, Oñatin, Usurbilen...
Euskal Herriko Trikiti Elkarteko lehendakari izan zinen pare bat urtez...
Hala da, bai. Beste esperientzia bat izan zen hura ere, ona.
Elkartea zer da trikitilariontzako?
Babesa da. Guri diskoetan parte hartzen lagundu zigun, eta jaialdiak ere antolatzen ditu. Edozein zalantza dugunean, hara jotzen dugu, eta beraz, lagungarria da guretzat. Orain elkartea egiten ari den artxibo lana ere oso interesgarria da. Bestalde, Trikigiro elkartea indar handiarekin ari da Urola aldean lanean.
Nire trikitiaren neurriko panderoa
Bikote baten iraupenean konfiantza eta oreka ezinbestekoak dira, eta nik zorte handia izan dut horretan berarekin, Alabierrekin.
Denborarekin, begiradarekin hitz egitera iritsi gara, noski, eta musikalki bere panderoa nire trikitixaren neurrira egindako eskunarru bihurtu du, esan beharrik gabe noiz hasi, kanta aldatu, azkartu edo ixildu…
Agendarekin eta telefonoarekin nire aldean xuxena da, eta beraz, onena berari deitzea izaten da. Bion artean nik izan arren bihurrienaren fama, garbi dago denak engainatuta dauzkala.
(Iosu Arrizabalaga Izer)
Alabier eta Izer 2021eko azaroan Aiako Aristerrazun. (Ibon Errazu)
Alabier Getarian, bizi den etxearen aurrean. (Arnaitz Rubio Aprea)
(Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea)