Abenduaren 5ean piztuko dituzte Gabonetako argiak

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 21a

Udaletxeko beharginak argiak jartzen Elizkalean. (Iñaki Martinez)

Herrigunean nahiz Urrestillan ari dira argiak jartzen. Urtarrilaren 7ra bitartean, egunero piztuko dituzte horiek, iluntzen duenetik gauerdira bitartean. Bertan merkatari elkartearen eskariz jarriko dituzte alokatutako argiak, eta alokairu gastuaren zati handiena elkarteak ordainduko du.

Azpeitiko Udaleko beharginak hasiak dira herriko hainbat tokitan Gabonetako argiak jartzen, eta horiek abenduaren 5ean piztuko dituzte. Urtarrilaren 7ra bitartean, egunero piztuko dituzte horiek, iluntzen duenetik –automatikoki pizten dira– gauerdira arte. Gainera, iaz bezala, aurten Urrestillan eta Landetan ere jarriko dituzte argiak.

Bertan merkatari elkartearen eskariz jarriko ditu udalak argiak, eta horiek 34 egunetan, gehienez egunean sei orduz, izango dira martxan. Bertanek jakinarazi duenez, Gabonetako argiteriak 4.400 kWh kontsumoa izango duela aurreikusten du, "hamabost etxeren hileko gastuaren edo auto elektrikoan 22.000 kilometro egitearen baliokidea".

Ingurumenean izango duen inpaktuari lotuta, Bertanek esan du kontsumo hori 0,8 tona CO₂ isurketaren baliokidea dela, "urtebetean gutxi gorabehera 40 zuhaitzek xurga dezaketen kopuruaren antzekoa". Merkatari elkarteak esan duenez, LED teknologia tarteko, hazkunde energetiko "apala" suposatuko du argiak pizteak, eta teknologia horrek bat egiten du "jai argitsu eta erangikorrak mantentzeko" udalak hartutako konpromisoarekin.

Gabonetako argiteria alokatu egingo dute aurten ere, 16.232 euroren trukean. Zenbateko horren 14.550 euro Bertanek ordainduko ditu, Eusko Jaurlaritzatik jasotako diru laguntzari esker. Gainerako 1.682 euroak, berriz, Azpeitiko Udalak jarriko ditu, merkataritza txikiari bultzada emateko xedez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide