Santa Zeziliarako prest dira Juan Antxieta musika eskolako eta Udal Musika Bandako kideak

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 17a

Udal Musika Banda emanaldi batean, Soreasun. (Nerea Uranga)

Larunbatean izango da musikarien eguna, eta data horri lotuta emanaldi bana eskainiko dute Juan Antxieta musika eskolako nahiz Udal Musika Bandako kideek. Musika eskolakoek bihar eskainiko dute emanaldia, Guk euskaraz izenburupean; bandak, berriz, zapatuan eskainiko du kontzertua.

Datorren zapatuan izango da musikarien eguna, Santa Zezilia eguna, eta data horren bueltan emanaldi bana eskainiko dute Juan Antxieta musika eskolako nahiz Udal Musika Bandako kideek.

Lehen emanadia asteazkenean izango da, musika eskolako ikasleek eta irakasleek eskainiko dutena. Soreasu antzokian, 19:00etan hasita, Guk euskaraz jaialdia eskainiko dute musika ikasleek. Hara joan nahi dutenek aurrez gonbidapena hartu beharko dute, honako lotura honetan.

Santa Zezilia egunean bertan eskainiko du Udal Musika Bandak kontzertua. 12:30ean izango da emanaldia, Sanagustin kulturgunean, eta musikariek askotariko doinuak joko dituzte Unai Frantzesena zuzendariaren gidaritzapean. Honako hau izango da bandak eskainiko duen errepertorioa: Silver lining in the sky (Shin Wada), Erri-txikiko jaiak (Eduardo Gonzalez Arroitajauregi), In a Spanish market (Masakazu Yamamoto), Algona overture (Jan Var der Roost), Agur kapitaina (Gatibu), A beacon of light (Patrick Roszell), Sing (Joe Raposo), Enter Sandman (Metallica) eta Troll dance (Thomas Doss).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide