Azpeitia geroz eta herri anitzagoa da herritarren jatorriari, ohiturei, adinari eta identitateari dagokienez; halaxe adierazi zuen Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuen batzordeburuak atzo goizean, Basazabal jauregian egin zuten agerraldian. Eta datu batzuk eman zituen horren adierazgarri. 2024. urtearen bukaeran, herritarren %11k lotura zuten atzerriarekin, %10 atzerrian jaiotakoak ziren, eta 52 jatorri herrialde desberdinetako jendea bizi zen herrian. Herriko hezkuntza zentroetan egindako kontaketa baten arabera, berriz, haietan dabiltzan ikasleek hamahiru ama hizkuntzatik gora dituzte. Horiek horrela, "aniztasunaren kudeaketa, zalantzarik gabe, gizarte honen erronka nagusietako bat da”, Goenagaren hitzetan.
Horren jakitun, herrira iristen diren herritarrei zer-nolako harrera egiten zaien eta haien integrazio prozesua nolakoa den aztertzeari ekin zion udalak 2024an, eta azken hilabeteetan hainbat neurri hartu ditu. "Prozesu horri esker, herrian dugun errealitatearen argazki eguneratu bat egin dugu, eta bi aurrerapauso nagusi eman dira", azaldu zuen Goenagak.
Batetik, harrera protokoloa berritu du, eta harrera protokolo integrala martxan jarri du. Goenagak azaldu duenez, herrira ailegatzen diren atzerritarren lehen lana udaletxera joatea izaten da erroldatzera, eta han, harrera errazteko asmoarekin, harrera gida ematen diete guztiei. Herriko baliabideen inguruko informazioa jasotzen du gida horrek, eta hainbat hizkuntzatan dute aukeran: euskaraz, gazteleraz, arabieraz, urduz, ingelesez edo frantsesez. Bideoak ere egin ditu udalak herriko zerbitzuak ezagutarazteko. Horrez gain, aldian behin, ongi etorri saioak antolatzen ditu udalak. Erroldatu diren pertsona guztiak banan-banan gonbidatzen ditu saio horietara, eta herriko eragileen laguntzarekin, herriko baliabideen berri ematen diete, etorri berriak herriko eragileengana eta komunitatearengan gerturatzeko.
Bestetik, prozesuaren baitan ikusi dute herrian dagoeneko badaudela aniztasuna eta bizikidetza lantzeko hainbat proiektu martxan, batzuk udalak kudeatzen dituenak, beste batzuk herriko beste eragile batzuek kudeatzean dituztenak. Goenagaren hitzetan, erronkari "integraltasun handiagoarekin" heldu nahi diote orain, eta kulturartekotasunean eta bizikidetzan eragiteko politika publikoak artikulatzen jarraitzeko, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia sortu dute. Gaur-gaurkoz udal mailako mahaia dela zehaztu zuen, baina aurreko urteetan aniztasun jaien antolaketan parte hartu duten taldeekin elkarlanean ari dela mahai hori.
Hain zuzen ere, mahai horrek jarduera ziklo bat antolatu du hil datozen asteetarako, hainbat helbururekin: "Bizikidetzan eragitea, jatorri ezberdinetako herritarrek elkar ezagutzeko guneak sustatzea, pertsona migratuen parte hartze aktiboa bultzatzea eta aurreiritziak eta estereotipoak deseraikitzen joatea". Azaroko ekintzez gain, datozen hilabeteetan ere beste hainbat ekintza garatuko dituztela aurreratu du Gizarte Zerbitzuen batzordeburuak.
Jarraian, Aitor Beloki gizarte langileak hartu zuen hitza, aniztasun eta bizikidetza zikloaren baitan antolatuko dituzten jardueren berri emateko. Honako hauek izango dira:
- Gaur, larunbata, 17:00etan, Soreasu antzokian, Gure Kanoa antzezlana. 43. Euskal Antzerki Topaketetako egitarauaren barruan antolatua, familientzako antzezlana da, eta kultura ezberdinen arteko errespetuaren eta elkarrizketaren garrantzia lantzen ditu. Antzerki Topaketen webgunean daude salgai sarrerak.
- Azaroaren 20an, ostegunez, 18:00etan, Azoka Plazako aretoan, atzerritarren araudi berriko aldaketa nagusiei buruzko hitzaldia. Aurtengo maiatzean sartu zen indarrean araudi hori, eta zenbait zalantza eta kezka eragiten ditu. SOS Arrazakeriako kideek emango dituzte azalpenak, gaztelaniaz. Egun horretan, udal langileek ere jasoko dute formazioa, haiek ere badirelako "harreragileak" eta komenigarri ikusi delako araudiaren nondik norakoak ezagutzea.
- Azaroaren 24an, astelehenez, 11:00etan, San Martin egoitzan, hainbat jatorritako (Senegal, Peru, Maroko…) azpeitiarren lekukotzak. Oraindik ere aurreiritzi handiak daude jatorri ezberdinetako pertsonekiko, eta aurreiritzi horiek puskatzeko tresnarik eraginkorrena elkar ezagutzea dela iritzita, elkar ezagutzeko espazioak sortzea da helburua; kasu honetan, adinekoekin egingo da lanketa. Azaroaren 26an, asteazkenez, 11:00etan, gauza bera egingo dute Bistaeder eguneko zentroan.
- Azaroaren 26an, asteazkenez, 15:30ean, Basazabal Jauregian, Azpeitira etorri berri direnei ongi etorri saioa, herriko eragileekin elkarlanean. Laugarren ongi etorri saioa izango da.
- Abenduaren 3an, asteazkenez, 17:30ean, Basazabal jauregian, atzerriko ikasketen homologaziorako buruzko informazio saioa. Bidez Bide elkarteko kideek eskainiko dute, gaztelaniaz.
60 guraso Etorri euskarara saioetan
Aniztasun eta bizikidetza zikloaren nondik norakoak azaldu eta gero, Etorri euskarara egitasmoa izan zuten hizpide atzoko agerraldiaren hondarrean. 2023-2024 ikasturtean Euskara eta Kulturartekotasuna proiektua jarri zuten martxan herrian, euskara komunikazio hizkuntza gisa indartu,eta herrian dauden gainerako hizkuntza eta kulturekiko abegikortasuna eta errespetua sustatzeko. Harrezkero, hainbat proiektu gauzatu dituzte udalak, ikastetxeek eta herriko eragileek elkarlanean, eta horren adibideetako bat da aurtengo ikasturtean antolatu duten Etorri euskarara proiektua.
Udalak, udal euskaltegiak eta UEMAk herriko ikastetxeetan batera martxan jarri duten ekimena da, "helburu argi eta estrategiko batekin", Goenagaren hitzetan: "Euskaraz ez dakiten gurasoek euskara modu praktikoan eta eraginkorrean ikasteko aukera izatea, beren seme-alaben ikastetxean bertan, eta eskola orduetan". Hasiera ona izan duela esan zuen, 60 ikasle inguru animatu direlako, eta sei talde sortu dituzte. Urritik ekainera arteko ikastaroa izango da, eta astean bitan, bi orduko saioak jasoko dituzte.