Lasaon bertako basoa berreskuratzeko proiektua "zapuztu" izana egotzi dio Lurgaiak aldundiari

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 15a

(Argazkia: Lurgaia fundazioa)

Basoak berreskuratzeko eta bioaniztasuna sustatzeko lanean diharduen fundazioaren proiektuari foru erakundeak "betoa" jarri diola, eta "inolako helburu produktiborik gabe" aurreikusitako proiektua alboratuta, "egurra ekoizten jarraitzea" lehenetsi dutela salatu du Lurgaiak.

Lasaon –Kutxabanken jabetzako Markes Basoko lursailetan–, 290 hektareako finka baso bihurtzea, "hau da, bioaniztasunez beteriko ekosistema sortzea, inolako helburu produktiborik gabe". Helburu hori zuen Lurgaia fundazioak, baina bertan behera gelditu da, Gipuzkoako Foru Aldundiak "zapuztu" duelako. Horrela adierazi du basoak berreskuratzeko eta bioaniztasuna sustatzeko lanean diharduen fundazioak, gertatutakoa azalduz eta aldundiaren jarrera salatzeko plazaratu duen idatzian.

Izan ezin zen basoa goiburuarekin, ia gauzatzeraino iritsitako "proiektu paregabea" aldundiaren esku hartzeak desitxuratu du, Lurgaiaren esanetan. Banda marroiaren eraginez aurretik zeuden pinu sailak moztu ondoren 250 hektareatan landatuta zituzten "konifero exotikoak" zein beste 40 hektarea hartzen dituzten bertako espezieen landaketak, "gehienak oso gazteak", kenduta, zazpi urteren buruan "espezie autoktonoekin 260.000 zuhaitz eta zuhaixka landatzea" aurreikusten zuen Lurgaiak sustatutako proiektuak, orain arte "egurra ekoizte baino beste helbururik izan ez" duen eremuari beste izaera bat emanez. "Proiektuak %100eko finantziazio pribatua zuen, eta azken helburua baso atlantiko misto handia lortzea zen, ekosistema horiek berezko dituzten prozesu ekologiko naturalak berreskuratuz, eta parte hartze sozialerako eta ikerketa zientifikorako benetako gunea sortuz. Laburbilduz, proiektu paregabea zen, bai berreskuratu beharreko eremuaren hedaduragatik, bai balio ekologikoagatik, bai egiteko modu aitzindariagatik: enpresa pribatu baten, erakunde kontserbazionista baten eta gizarte zibilaren arteko lankidetza", azaldu du Lurgaiak.

"Onura pribatua"

Lasaon bertako basoa sortzeko proiektua 2024ko azken hilabeteetan prestatu eta urte horren amaieran "sinatzeko prestatu" zutela dio Lurgaiak, "2025eko urtarrilean gauzatzen hasteko konpromisoarekin".

Joan den abenduan, ordea, "okertzen" hasi zen proiektua, "Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuari proiektuaren helburuak, epeak eta dimentsioa jakinarazi zitzaizkionean", fundazioaren esanetan. Lehen bileran zein ondoren izandakoetan, foru erakundeak Lurgaiaren presentzia "hasieratik eragotzi" zuela eta hasierako asmoak erabat aldatu zirela adierazi du fundazioak: "Hainbat joan-etorriren ondoren, Lurgaia edozein negoziaziotatik aldenduta eta lursail horien kudeaketa Basotik fundazio publikoari lagatzeko etengabeko interesarekin, azken erabakia egurra ekoizten jarraitzea izan da. Ekimena ustez ustiapen 'jasangarri” gisa aurkezten bada ere, metodoak kontzeptu horretatik oso urrun daude, eta, bestalde, helburua ondasun publiko baten bidez, natura ingurunearen bidez, onura pribatua lortzea da".

Lurgaiaren aburuz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako basogintza sektorea "geldirik" dago, eta "azken 75 urteetan gauza bera" egitea leporatu dio, "egurra modu intentsiboan ekoitzi, ingurumen baldintza handiegirik gabe", azken mende laurdenean beren jarduera "apaintzeko" diskurtsoa aldatu arren. Hala ere, Lurgaiarentzat "bereziki mingarria" da aldundia izatea "natura lehengoratzeaz ezer jakin nahi ez duena"; are gehiago, Gipuzkoan "Europako araudiak aplikatzeko eta zuzentzeko eskuduna eta arduraduna" foru erakundea denean.

Zuraren eta paperaren ekoizpena "beharrezkoak" direla dio Lurgaiak, "eta are gehiago horretarako baldintza egokiak izanda", baina basogintza kudeatzeko eredua zaharkituta dagoela uste du fundazioak, eta hori eguneratzearen alde egin du: "Baldintza zorrotzagoak ezarri behar ditugu gure ekosistemetan inpaktua txikitzeko. Eta, batez ere, gure natura-ondarea, hau da, basoak berreskuratzeko ere lekua utzi behar dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide