Aurreko astean Betharramen 7, 8 eta 9 urteko ikasleei zuzendutako Itzal Antzerki Laborategia eskaini ondoren, atzo, Dinamos sormen gunean, haurrei zuzendutako tailerra eman zuen Zurrunka Teatroko Eñaut Gorbeak. Umeek zein haiekin tailerrera joandako helduek adi jarraitu zituzten Zurrunkako kideak itzal txotxongiloen gainean emandako azalpenak, eta hark eramandako materialarekin itzal antzerkian trebatzeko aukera izan zuten jarraian.
Gaur ere Zurrunkakoak izango dira protagonista 43. Euskal Antzerki Topaketen bigarren asteburuaren barruan: 17:00etan hasita, Gure kanoa lana eramango dute Soreasu antzokiko oholtzara. Bihar, berriz, Dejabu konpainiaren Itzulera lana ikusteko aukera izango da Soreasun, 19:00etan.