Odol emaileek urteroko aitortza ekitaldia ospatu dute

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 15a

Oroigarri banaketaren osteko taldeko argazkia, gaur eguerdian, odol emaileen ekitaldian. (Mailo Oiarzabal)

25, 40, 50, 60 eta ehun aldiz odola emandako hemeretzi herritar omendu dituzte gaur Sanagustin kulturgunean, "keinu txiki batekin bizitzak salbatzen" laguntzeagatik.

Odol emaileen Azpeitiko ordezkaritzak gaur banatu ditu aurtengo bere oroigarriak. Urtero legez, odol emate kopuru borobilak osatu dituzten herritarrei aitortza egin nahi izan diete, beren ekarpena eskertzeko, "keinu txiki batekin bizitzak salbatzen" laguntzeagatik, eta horretan jarraitzeko bultzada emateko ere bai.

Eguerdian Sanagustin kulturgunean egin duten ekitaldian guztiak egon ez arren, hemeretzi herritarrek jaso dute aurten odol emaileen elkartearen aitortza: Dulce Baltasarrek, Ander Beobidek, Jose Maria Goenagak, Enekoitz Kerejetak, Itziar Zulaikak, Iñigo Azkuek eta Amaia Azpitartek, odola 25 aldiz emateagatik; Mari Jose Aizpuruk, 40 aldiz emateagatik; Miguel Agirrek, Iñaki Xabier Arrietak, Kepa Goenagak, Imanol Goikoetxeak, Juan Kruz Izagirrek, Aitor Juaristik, Luis Maria Odriozolak eta Joxe Manuel Zumetak, 50 aldiz emateagatik; Maria Jesus Alberdik eta Domi Alonsok, 60 aldiz emateagatik; eta Miguel Mari Mendizabalek, ehun aldiz emateagatik.

Poltsa bat, hiru bizitza

Oroigarriak banatu aurretik, odol emaileen herriko elkarteko Iñaki Alberdik eta Miren Arrieta Parekidetasun zinegotziak hartu dute hitza ekitaldian. Udal ordezkariak zein elkarteko kideak, biek eskertu eta zoriondu dituzte aitortza jaso dutenak eta, oro har, odola ematen duten herritar guztiak.

Alberdik, gainera, gogora ekarri du ospitaleetan odol transfusioak egiteko eta horiekin bizitzak salbatzeko erabiltzen dela herritarrek han eta hemen elkartasunez ematen duten odola. Transfusioen historian eta bilakaeran mugarri izan diren pausoak aipatu ditu Alberdik. Odol ateraldietako poltsa bakoitzetik hiru ateratzen dituztela ere azaldu du, globulu gorriak, plasma eta plaketak bereiztuz; eta, horrela, "odol poltsa batekin hiru bizitza salbatzen" dituztela azpimarratu du odol emaileen elkartekoak. Odola "azkar" iraungitzen den materiala dela ere gogoratu du, ordea, Alberdik, eta horregatik dela hain garrantsitdua odola behin eta berriz ematea.

Oroigarriak banatu eta ekitaldia bukatutakoan, Sanagustinen bertan mokadutxoa egiteko eta elkarrekin ospatzeko tartea hartu dute odol emaileek eta haien senideek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide