Ostiral, zapatu eta igande, ordu asko eman dituzte Julian Barrenetxea abesbatzakoek eta Azpeitiko beste hainbat kantarik eta musikarik Azkoitiko parrokiako koruan asteburu honetan. 40 urte beteko ditu 2026an Julian Barrenetxea abesbatzak, eta urteurren hori ospatzeko modu berezia otu zaie: partituretaz haratago inongo euskarritan jaso gabe dagoen Azpeitiko konposatzaileen musika grabatzea, datorren urtean argitaratzeko.
Herriak emandakoa, herritarren eskutik, herriarentzat gordetzea nahi dute Barrenetxeakoek –azaroko Azpeitia Guka aldizkarian eman dituzte azalpen guztiak–, eta hainbat bidelagunekin egin dute, Javier Alberdi zuzendariaren eta Ignacio Arakistain organo jotzailearen gidaritzapean.
Gaur bazkalondoan, asteburuko azken grabazio saioari ekin aurretik, atera dute taldeko argazki hau.