Mikel Larrañaga Euskal Timber txapelketaren finalera sailkatu da

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 17a

Larrañaga motozerrarekin lanean. (Ibon Errazu)

Aizkolari azpeitiarra abenduaren 20an Zarautzen jokatuko den finalera sailkatu da. Larunbatean jokatu zuten kanporaketa Astigarragan, eta bosgarren postua eskuratu zuen Larrañagak.

Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra Euskal Timber txapelketaren finala jokatzeko sailkatu da. Joan den zapatuan jokatu zuten txapelketaren kanporaketa Astigarragan (Gipuzkoa), eta bosgarren denbora onena lortuta, abenduaren 20an Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko den hitzordura sailkatu da azpeitiarra. 

Motozerra, aizkora eta zerra uztartzen dituen txapelketa jokatu zuten aizkolariek. Hain justu, 40 zentimetroko enborra motozerrarekin moztea, 30 zentimetroko etzandako enborra aizkorarekin moztea, 40 zentimetroko enborra zerrarekin moztea, eta azkenik, 30 zentimetroko zutikako enborra aizkorarekin moztea izan ziren haien eginkizunak.

Iker Vicentek lortu zuen denbora onena, lan guztiak minutu bat eta 55 segundoan amaituta. Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak nafarrak baino 38 segundo gehiago behar izan zituen eta Xabier Zalduak azkoitiarrak baino bi segundo gehiago. Mikel Larrañagak hiru minutu eta bi segundoan amaitu zituen lanak.

Hona hemen sailkapena: 

  1. Iker Vicente (1.55)
  2. Julen Alberdi Txikia IV.a (2.33)
  3. Xabier Zaldua (2.35)
  4. Dani Vicente (2.52)
  5. Mikel Larrañaga (3.02)
  6. Ibai Soroa (3.05)
  7. Eloy Corchero (3.10)
  8. Jokin Urretabizkaia (3.17)
  9. Eneko Saralegi (3.31)
  10. Oier Kañamares (3.37)
  11. Julen Kañamares (3.40)
  12. Manuel Fraile (3.40)
  13. Jesus Mari Lasa (3.55)
  14. Jon Zaldua (3.56)
  15. Mikel Agirre (3.58)
  16. Ioritz Gisasola 4.04)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide