Atzo arratsaldean Garmendipen jokatu zuten Lagun Onaken bi talde nagusiek, 15:30ean hasita emakumeek, eta 17:00etan hasita gizonek, eta emakumeek bai, baina gizonek ezin izan zioten arratsaldeari etekinik atera. Ohorezko Erregionalen Mailako ligan, Irungo Landetxa izan zuen arerio Aitor Zubizarretak eta Iñigo Segurolak gidatzen duten taldeak. Partidara ondo sartu ziren etxekoak, eta gol aukerak ere sortu zituzten, baina markagailua hutsean berdinduta iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, aldiz, kostatu egin zitzaien partidara sartzea, eta 57. minutuan gola jaso zuten. Hala ere, bi minutu iraun zuen irundarren pozak, Joane Kortak berdinketaren gola sartu baitzuen. Handik aurrera, aukerak sortzeari ekin zioten Lagun Onakekoek, eta aurki etorri zen ordaina. 67. minutuan Sara Amenabarrek bigarrena sartu zuen, eta 82. minutuan hirugarrena, penaltiz, Malen Zabalak. Horrenbestez, 3-1 bukatu zuten neurketa, eta etxean geratu ziren hiru puntuak.
Emakumeena bukatzerako hasi zen gizonen partida, Garmendipen; Lagun Onakekoek Santurtzi talde bizkaitarra hartu zuten Espainiako Hirugarren Mailako ligako jardunaldian. Bi taldeen aldetik martxa handiko partida izan hasiera-hasieratik, baina lehen zatian bietako inork ez zuen kontrarioaren atea zulatzerik lortu. Bigarren zatian, baina, partidaren aginte makila hartzeko intentzio guztiarekin zelairatu ziren etxekoak, eta partida guztiko jokaldirik onenean, Alex Letamendiak buruz zulatu zuen Sartutzikoen atea. Lagun Onakek partida kontrolpean zuela ematen zuen, baina ez; etxekoek pare bat hanka sartze egin zituzten, eta bizkaitarrek horiek ederki baliatu zituzten aurrena partida berdintzeko, eta gero markagailuan aurretik jartzeko. Horrela, 1-2 bukatu zuten norgehiagoka, eta Santurtzira joan ziren jokoan zeuden hiru puntuak.