"Mespretxuak mespretxu" herri ekimen legegilearen alde segituko dute pentsiodunek

Nerea Uranga 2025eko azaroaren 18a

Azpeitiko pentsiodunen plataformakoek atzo egindako elkarretaratzea.

Gehiengo sindikalak aurkeztutako pentsiodunen herri ekimen legegileari EAJk eta PSEk beste mespretxu bat egin diotela salatu du Azpeitiko pentsiodunen plataformak, eta gogorarazi du Azpeitian 1.192 herritarrek sinatu dutela herri ekimen legegilearen alde.

Beste behin, Azpeitiko pentsiodunen plataformakoak plazara atera dira, pentsiodunen herri ekimen legegilearen alde egitera. Atzo eguerdian elkarretaratzea egin zuten plazan, eta bertan gogorarazi zuten herri ekimen legegilearen aldeko sinadura 1.192 azpeitiarrek emanda dutela. Pentsiodunen mugimendukoek atzo kritikatu zutenez, EAJk eta PSEk "beste mespretxu bat" egin diote LGS lanbide arteko gutxieneko soldataren aldeko herri ekimen legegileari. "EAJk eta PSEk, PPk eta Voxek lagunduta,  hilaren 13an ere uko egin zion gehiengo sindikalak aurkeztutako herri ekimen legegilea eztabaidatzeari. Eskaera hori 138.495 sinadurek babestuta zegoen", azaldu zuten atzoko protestan. Eztabaidatzeari ere uko egitea salatu dute pentsiodunek, haien ustez erabaki horrek "nagusikeria eta mespretxua" erakusten ditu eta herritarren parte hartzea "baliogabetzen" du.

Espainiako Estatuko pentsiodunen inguruko beste adibide batzuk ere aipatu zituzten atzoko elkarretaratzean. "Balearretako Parlamentuko Mahaiak pentsiodunen mugimenduak gutxieneko soldatara iristeko pentsioen osagarri bat onar dezan aurkeztutako herri ekimen legegilea tramitera onartu du. Gaur egun, fede-emaileak izendatzeko eta sinaduren plegua egiteko fasean daude. Kantabrian ere herri ekimen legegile bat prestatzen ari dira hango pentsiodunak, parlamentuan aurkezteko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide