Jolasaren garrantzia aldarrikatu du udalak Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren adierazpenean

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 19a

(Argazkia: Pixabay)

Biharko mundu egunaren bezperan, hitzaldia emango dute gaur ludotekako hezitzaileek Iturritxikin. Gaurko Haurren eta Nerabeen Kontrako Sexu Erasoen Prebentziorako Nazioarteko Eguna ere aintzat hartu du erakundeak; halako sexu erasoak salatzeko telefonoa eta helbide elektronikoa martxan dituela gogoratu du.

Gaur, azaroaren 19a, Haurren eta Nerabeen Kontrako Sexu Erasoen Prebentziorako Nazioarteko Eguna da; eta bihar, azaroak 20, izango da Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna. Bi data horien harira, oharra eta adierazpena plazaratu ditu gaur Azpeitiko Udalak.

Azaroaren 19koari dagokionez, haurren kontrako sexu indarkeria "indarkeria matxistaren aurpegi gogorrenetakoa" dela eta "maiz isilean gelditzen" dela dio udalak, eta indarkeria kasu horien kontrako "gaitzespenik gogorrena" adierazi du: "Gure herrian ere, izan ditugu halako kasuak eta baditugu gaur egun. Hori dela eta, halako kasuen aurkako gure gaitzespenik gogorrena adierazteaz gain, udalak ozen adierazi nahi du Azpeitiak ez duela inolako haurren kontrako indarkeriarik onartzen".

Haurren eta nerabeen kontrako sexu indarkeria kasuak "gure inguruan errotuta" daude, udalaren esanetan, eta horrek sarri kasuen detekzioa eta horien aurreko erantzuna "zailtzen" ditu. Hain zuzen ere, zailtasun horiek gainditzeko umeen eta nerabeen kontrako sexu gehiegikeriak eta erasoak salatzeko baliabideak martxan ditu Azpeitiko Udalak joan den urtetik: 688 75 82 99 telefono zenbakia eta testigantzak@azpeitia.eus helbidea. "Oso gogorra egiten zaigu gure inguru hurbileko norbaitek halakorik egin dezakeenik pentsatzea, baina ezinbestekoa da ohartzea indarkeria matxistak modu eta forma asko dituela eta arazo estrukturala dela".

Jolasaren garrantziari arreta

Biharkoari dagokionez, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) haurren eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial, kultural eta osasun eskubideak ezarri zituen1989ko azaroaren 20ko hitzarmena gogora ekarri, eta bertan jasotako hainbat puntu zerrendatu ditu udalak bere adierazpenean. Biziraupen eskubideak, garatzeko eskubideak, babestuak izateko eskubideak, parte hartzeko eskubideak eta entzuna izateko eskubidea aitortzen zaizkie mundu osoko haurrei hitzarmen horretan, eta horiek guztiak "oinarrizkoak" direla nabarmendu du udalak.

Baina, 2025eko Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren bezperan, "arreta berezia" jarri nahi izan du Azpeitiko Udalak jolasaren garrantzian. Hain zuzen ere, jolasaren garrantziaren gaineko hitzaldia antolatu du gaurko Iturritxiki ludotekan. 18:00etan hasiko da eta ludoteketako hezitzaileek emango dute hitzaldia; zaintza eta itzulpen zerbitzuak eskura izango dituzte behar dituztenek.

Horrez gain, Oinherri herri hezitzaileen sareak biharko egunari begira plazaratu duen Gora haurtzaroa manifestuarekin bat egin du udalak, sare horretako kidea baita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide