Xakea ez da Azpeitian tradizio handiko jarduera, baina Azpeitian bizi da Euskal Herrian dauden kirol horretako Nazioarteko Maisu apurretako bat. Xakea lanbide ere badu, gainera, Alejandro Francok (Madril, 1982): lehiaketak guztiz baztertu ez baditu ere, berak duen titulua lortzea edota beren maila hobetzea nahi duten xakelariak entrenatzen ditu. Gipuzkoako Federazioko irakasleetako bat da, eta Euskadiko Federazioaren teknifikazio eskolan ere aritzen da.
Noiz eta nolatan iritsi zinen Azpeitira?
Bikotekidea hemengoa delako, noski. Azpeitiar bat ezagutu nuen... eta hona etorri nintzen, duela hogei bat urte, jada.
Eta xakean jokatzen noiz hasi zinen?
5 urterekin hasi nintzen.
Ohikoa al da hain umetan hastea?
Xakean, bai, ohikoa da txikitan hastea. Beste kirol askotan gertatzen den bezala, ona izatera iritsi nahi baduzu, beharrezkoa da oso garaiz hastea. Gaur egun, 5 urteren bueltan hastea da ohikoena, baita gazteago ere. Izan ere, goi mailara iristeko bidea oso luzea da, eta lehenbailehen hastea komeni izaten da.
5 urteko haur bat xakean jokatzen hasten denean, norbaitek bultzatu edo lagundu duelako izango da. Nor izan zen 'norbait' hori zure kasuan?
Normalean, ume bat xakean hasten denean, gurasoek edota etxekoren batek jokatzen duelako izaten da. Nik aitarengandik jaso nuen xakearekiko grina, eta hari bere aitak erakutsi zion. Aita familiakoekin edota lagunekin jokatzen ikusten nuen oso txikia nintzenetik, eta laster piztu zitzaidan jokatzen ikasteko nahia. Aitak xakeari buruzko lau liburu zeuzkan, eta nik ahal izan nuen bezain pronto irentsi nituen laurak. Hortik aurrera, ikastetxean eskolaz kanpoko ekintzen artean eskaintzen zituzten xake eskoletan izena eman nuen. Ondo moldatzen nintzela konturatu nintzen, nire adinekoak mendean hartzen nituela. Eta gero, pausoz pauso, mailak gainditzen joan nintzen: nire barrutiko txapelketa jokatzen hasi nintzen, gero Madril hiriburukoa, gero Madrilgo erkidegokoa, Espainiakoa, eta, azkenik, Munduko Txapelketa.
Bide horretan lorpenak eta garaipenak zeureganatzen joango zinen, ezta?
Pixkanaka egiten da bidea. Jokoa ikasten joaten zara, liburuen bidez ikasten, lagunekin jokatzen, txapelketetan lehiatzen... Mailak gainditu ahala, gero eta aurkari gogorragoen kontra jokatzea tokatzen zaizu; eta egiten dituzun akatsak aztertuz, goi mailako xakelariek jokatzen dituzten partidak jarraituz eta, zeure jokoa hobetzea lortzen duzu. Prozesu horretan, gero eta jokalari hobea bihurtzen zara. Xakeak izugarri erakartzen ninduen, jokoak kateatu egin ninduen; ordu asko eta nire bizitzaren zati handi bat eskaini izan dizkiot xakeari.
Emaitzak ere izan zituen ahaleginak, Nazioarteko Maisu titulua eskuratu baitzenuen. Noiz izan zen hori?
2001ean. Nazioarteko Maisu izatera heltzeko, beste maisu batzuekin neurtu behar izaten dituzu indarrak torneo batean, maila oso handiko torneo batean, alegia; eta lehiaketa horretan, gainera, jakineko puntuazio bat eskuratu behar izaten duzu. Torneo edo lehiaketa irekiak izan daitezke, goi mailako maisuak eta jokalari arruntagoak nahasian aritzen direnak; edo maisuak eta maila jakin bateko jokalariak bakarrik aritzen diren torneo itxiak. Baina Nazioarteko Maisu titulua lortzeko, ezinbestekoa da maisuen kontra lehiatzea eta lehia horietan puntu asko lortzea, ezarrita dagoen gutxieneko kopuru batetik gora.
Beharrezko puntu kopuru hori maisu ez den jokalari baten kontra lortzeak ez du balio, hortaz?
Ez, ez du balio. Maisu den norbait gainditu eta puntu kopuru jakin bat lortu behar duzu, eta, gainera, lorpen bikoitz hori gutxienez hirutan gauzatu behar duzu, hiru txapelketa desberdinetan. Eta hiru txapelketatan aipatutako emaitza berresteaz gain, ranking jakin batera ere iritsi beharra daukazu, Nazioarteko Maisu gisa aitortua izateko. Pausoz pauso joan nintzen ni helburu horiek betetzen, Nazioarteko Maisu titulua lortu nuen arte.
Zer izan zen zuretzat lorpen hura?
Oso garrantzitsua. Sasoi hartan ordu asko eta ahalegin handia eskaintzen nizkion xakeari, eta bultzada handia izan zen titulua eskuratzea. Egindako lanak merezi izan zuela berrestea izan zen, neure buruari bide onetik nindoala erakusteko modua, eta, bide horretatik jarraituta, are urrunago iristeko aukera izan nezakeela sinesteko ere balio izan zidan.
Xakeari ordu asko eskaintzeaz ari zarenean, zenbat orduz ari zara?
Boladaren edo urte sasoiaren arabera izaten zen hori. Izan ere, eskolara joaten nintzenez, ikasturtean zehar ezin izaten nion xakeari nahi adina denbora eskaini. Udan, edo asti gehiago izaten nuenean, egunean bospasei ordu eskaintzen nizkion; baina beste sasoi batzuetan, taula ukitu ere ez nuen egiten.
Nazioarteko Maisu titulua lortutakoan, hurrengo urratsa Nazioarteko Maisu Handiarena izan ohi da. Saiatu izan al zara hori lortzen?
Bai. Urteetan ahalegindu izan nintzen, eta lortzetik nahiko gertu ibili ere bai. Behar nuen rankinga lortu nuen, baita txapelketa batean eskatutako emaitza ere. Baina emaitza bera edo antzekoa beste bi txapelketatan errepikatzea behar nuen, eta hori ez nuen lortu; lortzear egon naiz behin baino gehiagotan, baina atarian gelditu izan naiz guztietan. Urteak bete ahala, gero eta zailagoa da titulu hori lortzeak eskatzen duen mailara iristea. Adinarekin, gaitasunak galtzea da normalena, memoriari dagozkionak, batik bat; xakean gertatzen da, eta bizitzaren arlo guztietan ere bai. Energia ere galtzen duzu, azkarrago nekatzen zara. Ondorioz, dagoeneko alde batera utzita daukat Nazioarteko Maisu Handi izatera iristearen asmoa. Helburu horrekin jarraitzekotan, neure burua prestatzeko denbora asko hartu beharko nuke, eta gaur egun ez daukat horretarako ez astirik, ez modurik. Bizitzak bere etapak ditu.
Zenbat Nazioarteko Maisu eta Maisu Handi daude Euskal Herrian?
Historia osoan hiru Nazioarteko Maisu Handi egon dira EAEn, eta gaur egun hirurak ere lehiaketetatik aldendu samartuta daude: Felix Izeta zestoarra, Mario Gomez santurtziarra (Bizkaia) eta Kanarietara bizitzera joan zen Txelu Fernandez portugaletetarra (Bizkaia). Nazioarteko Maisu tituludunak, berriz, bost gara. Horietako bi, Santiago Gonzalez bilbotarra eta Iñigo Argandoña donostiarra, nire talde berean daude, Gros xake taldean. Erretiroa hartu zuen Rafael Alvarez bilbotarra eta titulua duela gutxi lortu duen Javier Martxena gasteiztarra dira beste biak.
Edozeinen esku ez dagoela, alegia, titulu hori erdiestea.
Ez da erraza, ez. Ahalegin handia eskatzen du: ordu eta txapelketa asko, ikastea, ariketa asko egitea... Beraz, jende gutxi iristen da titulua lortzera; askok nahi izaten dute, baina zaila da Nazioarteko Maisu izatera iristea.
Zeuk aipatu bezala, Gros xake taldeko kidea zara, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bost Nazioarteko Maisuetatik hiru ari zarete klub horretan. Zuena izaten al da talderik indartsuena parte hartzen duzuen lehietan?
Beno, esan daiteke bi klub nagusi daudela: Donostiako Gros xake taldea eta Sestaokoa (Bizkaia).
Lehia handia al dago bien artean?
Lehia badago, noski, baina kiroltasun handia ere bai. Lehiatzen ari garen uneetara mugatzen da pikea; partida bakoitzaren aurretik eta ondoren, oso ondo moldatzen gara bateko eta besteko jokalariak. Taula tartean ez denean, inongo arazorik ez dago gure artean.
Urtean zehar, zenbat lehiaketatan aritzen zara Grosekin?
Garai batean torneo asko jokatzen nituen, eta kanpora ere asko ateratzen nintzen, lehiatzera. Gaur egun, ordea, entrenatzaile lanetan aritzen naiz gehienbat. Txapelketaren bat edo beste jokatzen dut, baina ez asko. Taldekako txapelketetan aritzen naiz nagusiki Grosekin: Euskal Ligan, Espainiako Txapelketan, eta, inoiz, baita Europakoan ere. Urtean hiruzpalau txapelketa, guztira.
Irailean Azpeitia Hiria txapelketan lehiatu zinen Grosekin, baita irabazi ere. Gainera, zuen seme Alexen kontra jokatzea tokatu zitzaizun. Berezia izango zen, ezta?
Bai, kasualitate polita izan zen. Lehen aldiz aritu ginen elkarren kontra lehiaketa batean. Azpeitiko gaztetxoen taldeko zerrendaburu aritu zen bera, eta Gros taldeko zerrendaburua, berriz, neu nintzen. 12 urte dauzka semeak.
Zuk irabazi zenuen partida. Zer esan zenioten elkarri bukatutakoan?
Beti esan ohi diot nola edota zertan hobetu dezakeen bere jokoa, eta egun hartan ere horretaz aritu ginen. Galdu arren, ondo hartu zuen.
Azpeitian xakeak ez du tradizio handirik, baina badira urte batzuk kluba sortu zutenetik. Zer harreman duzu herriko xakelariekin?
Harreman ona daukagu. Xakezale porrokatuak dira, eta gazteei erakustea ere asko gustatzen zaie; lan polita eta oso garrantzitsua egiten dute alde horretatik. Azpeitira iritsi nintzenean, kluba ez zegoen oso garatuta. Baina urteen poderioz, gero eta jende gehiago dabilela ikusten da, gero eta gaztetxo gehiago. Astelehenetan ematen dituzte xake eskolak, eta ikasteko gogotsu dauden gaztetxoz beteta egon ohi dira saioak. Inoiz neuk ere eman izan dizkiet eskolak, eta gaur egun horretan aritu ez arren, joaten naizenetan beti galdetzen dizkidate gauzak, eta ni saiatzen naiz ahalik eta aholku onenak ematen. Semeak hor jokatzen du, eta, beraz, oso sarri egoten gara elkarrekin.
Alex semearen aurka jokatzen, joan den irailean, Azoka Plazan. (Utzitakoa)